'IZAN BIDEA'

Bi tontor gehiago euskal presoak etxeratzearen alde

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 18a, 09:45

Urriaren 3an, larunbatarekin, Euskal Herriko 650 mendi-tontor igoko dira euskal presoen etxeratzea aldarrikatu eta elkarbizitza eta bakearen alde urratsak egiteko. Sareren 'Izan Bidea' dinamikaren baitako ekintza da. Lasarte-Oriako hainbat herritarrek bat egin dute egitasmoarekin, eta iragarri dute egun horretan Buruntza eta Santa Barbara igoko dituztela; bi zutabe aterako dira Okendo plazatik 09:00etan. Herritarrak parte hartzera animatu dituzte.

Ikusi mendizaleak abestia kantatuz bukatu da prentsaurrekoa. Entsegu bat egin dute bertaratu dutenek urriaren 3rako, larunbata, orduan ere abestuko baitute kanta hori, baina ez Tximistarreta parkean, atzean txiki-txiki ikusten zen Buruntzatik baizik, edo Santa Barbaratik. Sarek Izan Bidea egitasmoa martxan jarri zuen duela zenbait hilabete, euskal presoen etxeratzearen eta gizartearen elkarbizitzaren alde urratsak egiteko. Hemendik hiru astera beste ekintza sinboliko bat egingo dute, Euskal Herri osoko 650 mendi-tontor igoz.

Lasarte-oriatarrek ere parte hartuko dute ekimenean, eta bi tontor igo aldarri horiek lau haizetara zabaltzeko: Buruntza eta Santa Barbara. Bi zutabeak Okendo plazatik aterako dira urriaren 3an, goizeko bederatzietan. Beterri-Buruntza eskualdean bederatzi gailurretara igoko dira, guztira.

11:00ak eta 11:30ak bitartean Santa Barbara eta Buruntzako tontorretara igotzen direnak aldi berean hor egotea da antolatzaileen helburua. Irrintzi ozen bana botako dute, eta argazkiak atera ere bai; gero, 650 gailur horietako irudiekin batera mosaiko erraldoi bat osatuko du Sarek.

Mendia eta askatasuna, "sinonimoak"

Lasarte-Oriako Sareko kideez gain, mendian ibiltzea gustuko duten zenbait herritar ere joan dira prentsaurrekora. Alex Tetuanek, esate baterako, makina bat tontor igo ditu bere bizitzan. Aipatu du bere ustez "sinonimoak" direla mendia eta askatasuna, eta eraman behar den tresna garrantzitsuena elkartasuna dela: "Denok elkartuta, ekimenaren helburuak bete bakarrik ez, bikoiztu egingo ditugu".

Aner Lozano ez da Tetuan bezain beteranoa. Gazteen izenean hitz egin du, nabarmenduz kolektibo horrek ere "konprometitu" egin behar duela Izan Bidea egitasmoarekin. "Kartzelak hustu" egin behar direla adierazi du, eta prozesu horretan urriaren 3an igotzen den mendi-tontor bakoitza "bihotz taupada bat" izango dela.

Izan Bidea egitasmoari buruzko informazio gehiago esteka honetan