'ASKE' DISKOA

Hilotz: "Metala egiten dugu, baina ez diogu mugarik jartzen"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko ira. 18a, 11:00
Ezker-eskuin, Hilotz taldeko hiru kideak: Pablo Cabases, Mikel Yarza eta Etxahun Urkizu. Bost urte daramatzate elkarrekin musika sortzen eta jotzen. Argazkia: Aritz Larrea.

Irailaren 15ean kaleratu du Hilotz metal taldeak bere bigarren iraupen luzeko lana, 'Aske', "enpatia ariketa bat" taldekideen esanetan, aske izan nahi duten protagonista desberdinen larruan jarri eta istorio bana kontatzeko ariketa, 11 abestitan gorpuztua. Fisikoki Elkar dendetan salgai jarriko dute, eta taldearen web orrialdean ere erosi ahalko da, eta oso-osorik entzun. Taldeko abeslari eta baxu-jotzaile den Mikel Yarza Artola lasarte-oriatarrarekin elkartu da TXINTXARRI, Hilotzen proiektu honi buruz gehiago jakiteko.

Aste honetan kaleratu duzue 'Aske', zuen bigarren iraupen luzeko lana, irailaren 15ean. 

Oso pozik gaude. Bidea luzea izan da; kanta berriak sortzen hasi ginenetik hiru urte pasa dira. Egia da tarte luzea izan dela baina kontentu gaude, diskoko alor eta xehetasun guztiak zaintzeko behar izan dugun denbora hartu dugulako. Orain, entzuleen iritziak jasotzeko irrikaz gaude.

2017. urtean hasi zen disko berri bat sortzearen prozesua, beraz. 

Bai, 2017ko udan hasi ginen. Bukatu egin zen Giza Ankerkeria diskoaren zikloa, nahikoa kontzertu eman genituelako lan hori aurkezteko. Horrez gain, uda hori baino hilabete batzuk lehenago Hil ala bizi maketaren bosgarren urteurreneko kontzertu berezia egin genuen, taldekide ohiekin elkartuta. Oso berezia izan zen. Ziklo bat itxi genuela sentitu genuen orduan, eta berriari ekin genion. Luzatu egin dira aurreikusitako epeak, baina pozik gaude emaitza kalean dagoelako.

"Tarte luzea izan da, baina diskoa zaintzeko behar izan dugun denbora hartu dugu"

'Giza ankerkeria' diskoaren ildoa jarraituz, 'Aske'-n ere Black, Thrash eta Death metal estiloak uztartu dituzue, baina esan izan duzue oraingo honetan bide berriak ere urratu dituzuela. Zeintzuk? 

Estilo nahasketa horri segida eman diogu, baina aberastu ere bai: inoiz baino muturrekoagoak diren zatiak lotu ditugu inoiz baino lasaiagoak direnekin.

Metala egiten dugu, baina saiatzen gara mugarik ez jartzen, nahasketak aberasten eta guretzat inspirazio-iturri izan daitezkeen estiloak barneratzen. Pablo Cabases gitarjoleari, esate baterako, asko gustatzen zaizkio erritmo latinoak, saltsa... Horiek ere entzun daitezke Aske-n.

11 abestiko diskoa ondu duzue. Lehen begi-kolpean, ikusi daiteke konposaketak luzeagoak direla. 

Bai, badaude abesti luzeagoak, zortzi minutukoren bat ere bai, beste batzuk motzagoak dira, baina ez da izan propio bilatutako zerbait. Gure sormen prozesuaren emaitza izan da. Kantu batzuk era naturalagoan sortu ditugu, berezkoagoak izan dira, eta beste batzuei buelta dezente gehiago eman dizkiegu, aldaketak egin, amaitzeko unea iritsi zela sentitu arte. Gure barruak eskatzen digun hori garatzen dugu kantetan, luzeagoak zein motzagoak izan.

Argazkia: Aritz Larrea

Argazkia: Aritz Larrea

Zeintzuk atera zaizkizue naturalago? Eta zein abestirekin pasa duzue denbora gehiago?

Auhen eta Izua su kantuekin orduak eta orduak igaro ditugu; hasierako konposaketari buelta bat gehiago eman diogu. Aldiz, naturalago, errazago atera dira Pertsona, terrorista edo Sinisten dut, esate baterako. 

Disko hau konposatzerakoan bi mutur horiek antzeman ditugu, batzuei besteei baino buelta gehiago eman dizkiegu, abestia borobildu dugula sentitu arte.

'Pertsona, terrorista' abestia aipatu duzu. Hori izan zen aurreratu zenuten lehen kantua. Nolako harrera izan du zaleen artean? 

Harrera ona sumatu dugu zaleen artean. Abesti horrek biltzen ditu Hilotzen estiloaren ezaugarri ugari. Estiloak nahasten ditu; kanta zuzena da eta errepika indartsua dauka, kontzertuetan burua astintzeko modukoa; eta letretan mezu indartsuak daude, pertsona migratzaile baten begietatik kontatzen baitugu istorioa, zeinen zaila den beraientzat bidean topatzen dituzten hainbat muga gainditzea. Gai horrekin sentsibilizatuta dauden pertsonek ere harrera beroa egin diote kantuari.

'Aske' osatzen duten abestiak entzunda, letretan gogoeta egiteko akuilu eta gai ugari topatuko dituzte ikus-entzuleek. Izen hori bera dauka diskoko lehen abestiak, eta hauxe abesten duzu: 'Benetakoa ote da gure zoriontasuna?'. 

11 istorio kontatzen ditugu askatasunaren inguruan, 11 istorio propio eta indibidual, aske izan nahi duten pertsona horien begietatik kontatuta. 

Aske kantua abiapuntu orokor eta kontzeptualago bat dela esango nuke, gizarteko okerren inguruan gogoeta egiteko sortua, abesti erreflexiboago bat, galdetzen duena ea benetan aske ote garen, gizarteko kode zehatz batzuen arabera jaio eta gure bizimodua horien arabera garatu dugunean.

Dena den, ez dugu bilatu soilik entzuleek hausnartzea; sentitzea ere nahi dugu. Pentsatzea eta gogoeta egitea interesgarria da, noski, baina sentitzea ere bai. Gure musikak sentimenduak transmititzea ere nahi dugu, nire ustez unean-unean sentitzen duzun hori bideratzen laguntzen dizulako musikak. Eta hori gehiago dator sentitzetik, gogoeta egitetik baino.

"Ez dugu bilatu soilik entzuleek hausnartzea; sentitzea ere nahi dugu"

'Aske' diskoko 11 abestietatik bi, azken biak, instrumentalak dira: 'Betirako atsedena' eta 'Agur'

Hasieran, abesti bakarra ziren. Betirako atsedena/Agur izena jarri nahi genion. Gainera, uste genuen biribilagoa zela hamar abestiko disko bat egitea, baina gero interesgarria iruditu zitzaigun Agur kantuari ikusgarritasun gehiago ematea eta konposizioa bi abestitan zatitzea. Aurreskuaren metal bertsio bat da Agur

Aipatzen duzun hori, 'Agur', izan da diskoa kaleratu aurretik aurreratu duzuen beste kantuetako bat. Sare sozialetan eta zenbait hedabidetan bolo-bolo ibili da azken asteetan. 

Aurresku tradizionalaren doinuak metal estilora egokitu ditugu, bideoklip kontzeptual batekin lagundu, dantza tradizional eta modernoak uztartuz. Ongi-etorri beroa egin diote eta balio izan du, egun batzuetarako baldin bada ere, etengabe lur azpian dagoen metal musika hedabide orokorren erdigunean jartzeko.

Metal taldeei ez zaie ematen espazio handiegirik hedabideetan, beraz. 

Ebidentzia bat da hori. Euskal metal talde mordoa dago, baina hedabide jeneralistetan apenas daukaten oihartzunik Su Ta Gar taldeaz harago. Eta are gehiago muturreko metalaz ari garenean, kantu guturalaz-eta. Muga gaindiezin bat da hori batzuentzat, batez ere ohitura faltagatik, egunero-egunero doinu errazetara hezten baita entzumena irrati komertzialetan. Hori ez da metalarekin bakarrik gertatzen, beste musika estilo askorekin 
ere bai.

Azken asteotan izan dugun arrakasta dator bertsio batetik, Euskal Herri osoan ezaguna den doinu bat moldatzetik, eta ez Hilotzek %100ean sortu duen abesti batetik. Uste dut horrek erakusten duela zerbait. Garai bateko metal olatu horrek gaur egun ez dauka horrenbesteko presentziarik. Beraz, ikusten dugu Agur kantuak izan duen oihartzunak bi alde dituela.

Diskoaren ekoizpenera bueltatuta, Ekaitz Garmendiaren Black Storm estudioetan grabatu duzue. Zer moduzko esperientzia izan da?

Plazer hutsa izan da. Bete-betean sartu gara esperientzia horretan: Karrantzako (Bizkaia) mendigune baketsu horien artean egon, lasai, %100ean musikan zentratuta, Ekaitzekin musikaz eta bestelako gaiez hausnartzen eta hitz egiten... Asko ikasi dugu berarekin, pasio bera daukagu eta asko gozatu dugu. Soinu aldetik ere oso-oso pozik gaude. 

"Plazer hutsa izan da diskoa Ekaitz Garmendiaren estudioetan grabatzea"

Pandemiaren aurretik grabatu zenuten diskoa? 

Bai. Are gehiago esango dizut: 2019ko apirilean amaitu genuen Aske grabatzen. Gure asmoa zen urte horretako abenduan aurkeztea, Durangoko Azokara begira, baina Ekaitzek ere hala iradokita, euskal zirkuitutik harago begiratzea erabaki genuen, eremu txikia baita hori, are gehiago metal musika egiten duten taldeentzat. Europa iparraldean mugimendu handia dago eta zenbait hilabete igaro genituen gure musika aurkeztu eta diskoetxe baten bultzada bilatzen, diskoa autoekoiztetik zigilu baten babespean argitaratzera pasatzeko, eta lortu genuen, COVID-19a iritsi aurretik tratua egin baikenuen Maldito Records diskoetxe valentziarrarekin. Euskarazko taldeen lanak argitaratzen dituen zigilu bakarrenetako bat da estatu mailan.

Non eta nola erosi ahalko da 'Aske'?

Fisikoki Elkar dendetan salduko dugu. Horrez gain, gure web orrialdearen bitartez erosi ahalko da, eta entzun ere bai, plataforma digital guztietan.

Diskoaren azal ikusgarria Xabier Sagastak diseinatu du. Zer islatu nahi izan duzue?

Aurreko diskotik dator harremana, kamiseta baterako gizartearen eta naturaren arteko talka ederki islatu zituen. Oraingoan esan genion nahi genuela bera aske izatea sortzerakoan, gure diskoaren kontzeptuarekin lotuz. Izaki bat ekarri du diskora, azala askatzen ari dena, metamorfosi moduko bat islatuz, beste xehetasun askorekin batera. Duela urte dezentetik jarraitzen dugu Xabierren lana eta uste dugu inoiz ez duela egin horrelako zerbait. Joko bat egin dugu, azal eta kontrazaleko irudiak bat dira. Barrura, berriz, Aritz Larrea argazkilariaren irudi bat eraman dugu. Dimentsio artistiko handiagoa eman nahi izan diogu diskoari, musikatik haragoko beste alorrak gehiago zaintzen.

Egoera 'normal' batean, diskoa kaleratu eta gero kontzertuak ematen hastea litzateke hurrengo urratsa. COVID-19ak goitik behera irauli du ziklo hori ere, ordea.

Maldito Records zigiluarekin tratua egin eta diskoa lotuta utzi genuenean, kontzertu batzuk programatzen hasi ginen, baina bertan behera utzi behar izan ditugu egoera ikusita. 

Orain arte parentesi batean egon da hori guztia, baina berriro ekin diogu kontzertuak lotzeari. Egia da momentuz ezingo dutela izan lehen bezain bero eta indartsuak, baina hitzordu berezi batzuk prestatzen ari gara. Espero dugu datozen hilabeteetan horiek iragarri ahal izatea.

'Aske' diskoko 11 abestiak zuzenean aurkezteko irrikaz egongo zarete.

Bai, jakina. Musikariak izateaz gain, zaleak ere bagara, ohitura handia dugu zuzeneko emanaldiez ikus-entzule bezala ere gozatzeko. Faltan botatzen dugu hori dena, eta tristuraz ikusi musika eta kultura munduan zorroztasunez betetako planteamenduak egiten ari diren bitartean gizarteko beste esparru batzuetan ez direla horrenbesterako, jendea gehiago pilatzen dela. Taldeak bakarrik ez, horien inguruan lan egiten duten pertsona ugari ere asko kaltetu ditu pandemiak, eta uste dut inor gutxik adierazten duela benetako kezka edo borondaterik egoera horri buelta emateko.

Ez dirudi disko bat kaleratzeko garai onenak direnik. Zuek, hala ere, urratsa egin duzue.

Azpimarratu nahi dut pozik gaudela aukeratu dugun unearekin. Gure prozesua luzarotik dator, pandemia hasi zenerako ekoiztuta geneukan eta ez gara zerotik hasi. Orain talde batek baino gehiagok pentsa dezake, 'zertarako egingo dut orain disko bat?'. Diru-galerak, kontzertuetan behar bezala ezin lana aurkeztu... 

Era berean, iruditzen zaigu gure diskoaren kontzeptua, aske izatearena, lagungarri izan daitekeela bizi dugun garai gatazkatsu honetan, denok harrapatuta bizi garen honetan. Ekarpentxo hori egin nahi genion gizarteari.

"Aske izatearen kontzeptua, gure diskoarena, lagungarri izan daiteke garai gatazkatsu hauetan"

2020. urtea berezia da Hilotzentzat, hamar urte betetzen baitituzue. Hamarkada honetan zu izan zara taldearen prozesua gertutik bizi izan duen bakarra; sorreratik zuk bakarrik jarraitzen duzu kide izaten, Mikel.

Denbora ia ohartu gabe pasa da. Lasarte-Orian bertan sortu genuen taldea eskolako lau ikaskidek, musika estilo horrekiko zaletasunak elkartuta. Aurrekoan komentatzen genuen Hilotzen aurreneko bost urteetan beste hainbeste taldekide aldaketa gertatu zirela, eta hurrengo bostetan bakar bat ere ez [2014an sartu zen taldean Etxahun Urkizu bateria-jotzailea; Pablo Cabases gitarrista, urtebete beranduago].

Hamargarren urteurrenaren harira zerbait berezia egin nahi genuen, ospakizun kontzertu bat, bageneukan abesti propio bat egiteko ideia kolaboratzaile askorekin, baina hori guztia ere bertan behera geratu da eta bigarren plano batean dago, ez dakidalako zentzurik izango ote lukeen 2021ean prestatzeak horrelako zerbait. 

Taldearen bilakaerari dagokionez, egia da hamar urtean ez ditugula lan asko kaleratu, baina talde bakoitzak bere bidea egiten du, eta mantsoagoa izan arren, uste dut inoizko bide onenean dagoela Hilotz pertsonalki zein musikalki. Zaleek Aske-ri buruz duen iritzia ezagutzeko irrikaz gaude, eta abesti guztiak eurekin zuzenean partekatzekoaz.

Zuzeneko emanaldi horietakoren bat Lasarte-Orian izango al da?

Hitzorduak lotzeko lanetan gabiltza, baina jakina, gustatuko litzaiguke emanaldi horietako bat etxean izatea, Lasarte-Orian. Ilusio berezia egiten digu aurkezpen duin bat prestatu eta gure musika aurkezteko.

"Gustatuko litzaiguke kontzertuetako bat etxean izatea, Lasarte-Orian"

Lehen aipatu duzu azken bost urtean taldean ez dela aldaketarik egon. Egonkortasun hori antzeman duzue atera berri duzuen disko hori sortzerakoan?

Bai. Bere ibilbidean aurrenekoz, Hilotzek ez du aldaketarik izan disko bat sortzeko prozesuan, ez sortzerakoan ezta grabatzerakoan ere. Aurreko lanetan joan-etorri horiek baldintzatu egin zuten bidea.

Aske-ren kasuan, Etxahunek, Pablok eta hirurok eraman dugu prozesuaren pisu guztia, gure diskoa da erabat, hiruona. Konposaketak ere partekatuak izan dira, bakoitzak dakar etxetik ideia edo riff multzo bat baina gero elkarrekin garatzen ditugu, elkar aberasten gara eta emaitza partekatua da, oso pozik gaude.