COVID-19

Hiru positibo erregistratu dituzte Lasarte-Orian azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 16:15

Irailaren 16ko datu epidemiologikoak eskaini ditu Osasun Sailak. Hiru kutsatze gehiago atzeman dituzte Lasarte-Orian; hilabetea hasi denetik 112 positiboren berri eman du.

Iraila kasu gehien eman diren hilabetea izateko bidean doa. Aurreneko hamasei egunetako datuak eskuetan, 112 kasu detektatu ditu Osakidetzak, abuztu osoan baino bat gutxiago. Egia da, dena den, eguneroko kopuru hori jaisten ari dela pixkanaka, badira eta egun batzuk hamar kutsatzetik gora ez direla erregistratzen. Grafika honetan konpara daitezke abuztu eta iraileko bilakaerak:

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerriei dagokienez, Hernanik segitzen du arretagune nagusia izaten. Irailaren 16an beste hamabi positibo erregistratu dituzte. Usurbilen beste bi, eta bat Astigarragan.

Kutsatzeek gora EAEn

Azken egunetako positibo kopuru handiena erregistratu dute erkidegoan: 579, horietatik 188 Gipuzkoan. Egia da PCR proba nabarmen gehiago egin dituztela irailaren 16an, 10.000ko langa pasata: 11.125. 

Ospitalean 320 paziente daude ingresatuta koronabirusak jota, horietatik 55 ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan. R0 edo birusaren birsortze-tasak jaisten jarraitzen du apurka-apurka, eta 0,87koa da gaur-gaurkoz. Adierazle hori 1 baino handiagoa izanez gero, esan nahi du SARS-CoV-2 birusa hedatze-fasean dagoela.