Euskal Herriko sekretuak ezagutzeko liburu berria argitaratu du Txusma Perez Azacetak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 18a, 11:00

Liburuaren azala eta egilea bere emaztearekin. Arg.: Txusma Perez Azaceta

Txusma Perez Azaceta herritarrak Rutas circulares fáciles liburua argitaratu berri du. Proiektu berri hau idazten lagundu dion Sara Carte emazteak sinatu du liburuaren hitzaurrea

Euskal Herriko mendiak eta inguruak ezagutarazteko helburuarekin 45 ibilbide zirkular batu ditu Azacetak Rutas circulares fáciles liburuan.

Rutas circulares fáciles lanak aurkeztutako txangoak mendizaleei, zein mendian lehen pausoak ematen ari direnei zuzenduak dira. Bideek ez dute zailtasun teknikorik, edozeinek egiteko modukoak dira eta urte osoan egin daitezke.Berezitasun bat badute, ordea, ibilbideen joan eta etorrikoa ez da bide beretik egiten.

Bide ezberdinak aurkezteko aukera  ezinhobea izan da hori Txusmarentzat. Cartek hitzaurrean azaltzen duen moduan, "bide ezagunak ez ezik, ahaztutako bideak eta bisitari gutxi dituztenak ere ezagutzera eman nahi izan ditu".

Bide horiek guztiek, gainera, Euskal Herriko mendietako, ibarretako eta oihanetako sekretuez gozatzeko aukera ematen dute. Eremu ezberdinetako formazio geologikoak, harkaitzetan dauden gaztelu zaharrak, haitzarte ikusgarriak, zuhaitz monumentalak, gailurretako ermitak edo itsas ondoko talai eta labarrak aipatzen dira hitzaurrean.