Eskola kirola, martxan hasteko azken prestaketak egiten

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 14:30
2019 urtean zehar egindako Eskola kiroleko topaketetako bat.

Lasarte-Oriako eskola kirola egitasmoaren saioak urriaren 5ean hasiko dira. Hurrengo asteetan, ikastetxeetako guraso elkarteek erabiltzaileei protokoloa eta jarraibideak eskainiko dizkiete

Gipuzkoako Foru Aldundiak baimena eman du 12 urte azpiko haur eta gaztetxoek kirol ez federatua egiteko. Dena ondo bidean, urriaren 1etik aurrera Eskola kirola jardueraz gozatu ahalko dute. Lasarte-Oriako ikastetxeetako haurrek urriaren 5ean hasiko dituzte saioak.

Lasarte-Oriako Eskola Kirolaz arduratzen diren guraso elkarte eta jarduera kudeatzen duen Ttakun Kultur elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatutako pauso guztiak eman dituzte herriko gazte eta haurren osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko.

Talde txikietan, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia mantenduz, kontaktu fisiko gabeko jarduerak eginez… hasiko dira oraingoz gaztetxoak. eta egoeraren garapenaren arabera, jarduera moldatuko dela nabarmendu dute.

Urtarrilera arte infatil eta alebin mailako lehiaketarik ez dela izango ere iragarri dute antolatzaileek.

Informazioa eta izena ematea
Hurrengo asteetan, ikastetxeetako guraso elkarteetako kideek jarduera ezberdinen hasierari buruzko informazioa, protokoloa eta jarraibideak helaraziko dizkiete gurasoei. Horrez gain, protokoloa euren webgune edo sare sozialetan ere eskuragarri jarriko dute.

Eskola Kiroleko arduradunek jakitera eman dutenez, oraindik izena eman ez duten edo ekainean zalantzan egon ziren haur eta gaztetxoek irailaren 30era arte dute inskripzioa egiteko aukera.