Buruntzaldea IKTk entrenamenduen hasiera atzeratu behar izan du

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 13:15
Arg.: Buruntzaldea IKT

Kirol Zerbitzuaren hausnarketa prozesua dela eta, Buruntzalde IKTko igerilariak ezin dira oraindik lanean hasi

Buruntzaldea IKTko igerilariak aste honetan igerilekuan lanean hasiko zirela aurreratu bagenuen ere, igeriketa taldeko kideek gutxienez irailaren 28ra arte saiorik ezingo dutela egin jakitera eman du taldeak.

Federatuekin lanean hasteko arazorik ez dagoela uste du Buruntzaldea IKTk. Horretarako, Lasarte-Oriako Udaleko Kirol zerbitzuari ordutegi eta talde antolaketa desberdinak proposatu dizkio, eskatzen zizkieten baldintzak betez. "Aurrera pausoak ematen aritu gara", azpimarratu dute.

Kirol Zerbitzuak, ordea, igerilekuari buruzko hausnarketa egiteko epe bat hartu du, "igerilekuaren etorkizuneko antolaketa osoa birplanteatzeko eta arratsalde erdian egiten den desinfekzio tartea ezabatzea baloratzeko eta ohiko ordutegiak mantendu ahal izateko". 

Ondorioz, iraila bukaerara arte ezingo dira Buruntzaldea IKTko igerilariak Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekura itzuli.