Intzako pilotariak, Ezker Hormako Txapelketarako prest

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 18a, 09:30
Kadete mailako gaztetxoek gaur emango diote hasiera txapelketa denboraldiari.

Gipuzkoako Euskal Federazioak aurreko astean eman zion hasiera txapelketen denboraldiari. Larruzko paletako lehiakideek Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako lehen partidak jokatu zituzten. Pixkanaka gainerako mailak gehituko dira. Asteburu honetan, esate baterako, eskuz binakako lehiaketaren txanda izango da. Eta bertan izango da Intza KE

Intxa Kirol Elkarteko pilotariek gaur hasiko dute Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako. Aurten 2. kadete mailan eta 2. senior mailan parte hartuko du Lasarte-Oriako taldeak hiru bikoterekin.

Kadete mailako Intza 2 bikotea izango da lehena pilotari eragiten. Gaur, 19:00etan, Ilunpe 3ren aurka jokatuko dute gaztetxoek, Azpeitian. Intza 1 bikoteak, berriz, bihar goizean, Beotibarren jokatuko dira Tolosako elkarteko bikotearen aurka.

Senior bikoteak ordea, etxean hasiko du lehia. Tartaloetxeren aurka neurtu beharko dituzte indarrak, bihar Michelin kirol guneko pilotalekuan, 16:15etik aurrera.
Kadete mailako bikoteak oraindik zehazteke badaude ere,  asteburuak joan ahala maila horretako jokalari guztiek parte hartuko dutela azpimarratu du  Joxe Felix Solano elkarteko arduradunak. 

Senior mailako bikotea, berriz, Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak osatuko dute eta Haritz Urkia eta Asier Catalina izango dira ordezkoak.

Pilota eskola

Joxe Felix Solano Intza kirol elkarteko arduradunak azaldu duenez, zalantzan egon dira entrenamendu eta lehiaketekin hasi edo ez. "Protokoloa egin behar izan dugu eta udala, zein federazioari paper pila bidali behar izan dizkiogu".

Guzti horiek gaindituta, kirol guneko kantxan lanean hasi dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenaren ostean, pilota eskolako izena ematea martxan dagoela adierazi du.

Pilota eskolan inskripzioa egin nahi duenak 657 770 318 zenbakira deitu edo solanojf@hotmail.com helbidera mezu bat bidali behar du.

Hasiera eguna oraindik, zehazteke, "ziurrenik urriaren 1ean", saioen egunak ostegun eta asteartetan izango direla zehaztu du: benjaminak 17:30etik 18:30era; alebinak 18:30etik 19:30era eta infantilak 19:30etik  20:30era.

Izena ematean eskolari eta COVID19aren hedapenaren aurkako neurriei buruzko informazioa eskainiko die elkarteak gurasoei.