Arteaga II.ak, asteburu lanpetua berrogeialdia igaro ostean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 12:40
Berrogeialdiaren ostean, Axier Arteaga bihar itzuliko da pilotalekura.

Axier Arteaga Arteaga II.a pilotalekura itzuliko da asteburu honetan. Baiko enpresak beste pilotari batek positibo eman ostean, PCR probak egin eta berrogeialdian egongo da asteartera arte. Egun horretan bertan, Baiko enpresako pilotariek agerraldia egin zuten enpresak eta batez ere zuzendari nagusiak duen jarrera aldatzeko eskatuz

Axier Arteaga herritarrak ezin izan du azken asteetan entrenamendu saiorik egin. Bere gertuko pilotari batek positibo eman eta PCR probak egin dizkiote. Bi negatibo eta dagokion berrogeialdiren ostean, entrenamendu saioekin gogor hasi da. Izan ere, asteburu lanpetua izango baitu Arteaga II.ak. 

Bihar, ostirala Lizarrako Remontival pilotalekuan Salaverri II.a lagun duela Zabala eta Untoriaren aurka lehiatuko da. Eitbn partida ikusteko aukera izango da.

Larunbatean, berriz, Urretabizkaia II.arekin bikote eginda, Egiguren V.a eta Erostarbe izango ditu aurrez aurre Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan.

Baikori eskaera

Bestalde, Baiko enpresako pilotari gehienek, Arteaga II.a barne, enpresari jarrera aldatzeko eskaera egin diote asteartean egin zuten agerraldian.

Asegarce desagertu eta Baiko sortu zenetik enpresak eta batez ere, Garai zuzendari nagusiak duen jarrerarengatik ezinegona zutela eta martxoan ezarritako aldi baterako erregulazioak egoera okertu duela jakitera eman zuten. Azken hilabeteko kontratu eteteak eta enpresak pilotari horiekiko izan duen jarrerak piztu du sua. 

Pilotariek eskaera zehatzak egin dituzte: Garaik jarrera aldatzea, eta enpresak azkenaldian hartutako zenbait erabaki berriro planteatzea. Horiek bete ezean,, "neurri zorrotzagoak" hartu beharko dituztela aurreratu dute, hala nola mobilizazio bat egitea.

Bizitako egoerak, pilotarien babesgabetasunari buruz hausnarketa egitera eraman die eta horregatik, pilotari profesionalen elkartea sortuko dutela iragarri dute.