Egitarau murriztuko Mugikortasun Astea izango da aurtengoa

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 10:00

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo duela aurten ere, baina jarduera gutxiagoko egitaraua osatu duela COVID-19ak eragindako egoera dela eta. Muittu Manttangorri hiribusa dohainik hartu ahalko dute herritarrek irailaren 22an, eta bigarren eskuko bizikleta zein patineteak erosi irailaren 25eko azokan.

Aurtengo Mugikortasun Astearen egitarau murriztua aurkezteaz gain, gomendio batzuk ere eman ditu udalak ohar bidez: hiri barruko ibilbideak oinez edo bizikletaz egitea; garraio publikoa erabiltzea; autoen erabilera murrizten saiatzea; eta errespetatzea oinezkoen eremuak, bizikletabideak, aparkalekuak zein desgaituen guneak.

Bigarren eskuko azoka

Datorren asteko ostiralean, irailak 25, bizikleten eta patineteen bigarren eskuko azoka antolatuko dute Artelatz enpresak eta Lasarte-Oriako Udalak. Aforo maximoa "uneoro" zainduko dutela adierazi dute, eta parte hartu nahi duten lasarte-oriatarrei bisitak egiteko txandak emango dizkietela 15:00etatik aurrera, jende pilaketak saiheste aldera. Azoka 16:30ean irekiko dute eta 20:00etan itxi. COVID-19a tarteko, osasun- neurri gehiago hartu dituzte: parte-hartzaileek uneoro maskara jantzita eraman beharko dute, distantzia soziala mantendu beharko dute, antolatzaileek ibilgailuak desinfektatuko dituzte, eta abar.

Azokaren gordailu-zerbitzua ostiral horretan bertan irekiko dute, 15:00etatik 16:30era. Aldez aurretik izena eman beharko da ibilgailuak salgai jartzeko, 943 67 02 49 telefono zenbakian. Ez dira onartuko 500 euro baino garestiagoko prezioa jartzea saldu nahi diren bizikleta eta patineteei. Parte hartu nahi dutenek adinez nagusiak izan beharko dute eta euren datuak eman, NAN eta telefono zenbakiak.

Hiribusa hartzea, doan

Irailaren 22a Autorik gabeko eguna izango da, asteartea. Egun horretan zehar, goizez zein arratsaldez, doakoa izango da Muittu Manttangorri hiribus zerbitzua herritarrentzat.