COVID-19

Koronabirusaren datuen eguneraketa: bost positibo gehiago erregistratu dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 16a, 13:28

Irailaren 15eko datu epidemiologikoak eskaini ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Lasarte-Orian positiboak erregistratzen segitzen dute; azken 24 orduetan, bost gehiago. Hilabetea hasi zenetik 109 kutsatze atzeman dituzte gure herrian, eguneko zazpi pasatxo.

Abuztu erdialdetik honako joera ez da eten oraindik, eta egunez egun positibo gehiago erregistratzen dira Lasarte-Orian. Irailaren 15ean beste bost, bezperan baino bi gehiago. Kasu gehien atzeman diren hilabetea abuztua izan da, 113rekin, baina badirudi irailak gainditu egingo duela, egungo dinamikarekin jarraituz gero bederen. Grafika honetan konpara ditzakezue abuztu eta iraileko kasuen bilakaerak:

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan bezperan positibo gehiago erregistratu dituzte irailaren 15ean, guztira 25. Hauek dira herriz herriko datuak:

  • Hernanin, hamabi kasu
  • Lasarte-Orian, esan bezala, bost
  • Andoainen, lau
  • Urnietan, bi
  • Astigarragan eta Usurbilen, bana

Kutsatzeek eta PCR probek, gora

EAEko erkidegoetan igo egin da kutsatze kopurua: 459 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan, horietatik 166 Gipuzkoan. Asteartean bezperan baino nabarmen PCR proba gehiago egin dituzte, 9.764, irailaren 14an baino %32 gehiago.

Ospitaleetan 315 paziente daude ingresatuta koronabirusak jota, horietatik 56 ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan. R0 edo birusaren birsortze-tasak jaisten jarraitzen du, eta irailaren 14koa baino hiru hamarren txikiagoa da, 0,86koa. Adierazle horren kopurua bat baino handiagoa izanez gero, esan nahi du SARS-CoV-2 birusa hedatze-fasean dagoela.