'Aske' diskoa kaleratu du Hilotz taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 15a, 14:07
Argazkia: Begipuntuan.

Black, Death eta Thrash metal estiloak uztartu ditu Hilotz taldeak oraingo honetan ere, eta "bide berriak" urratu, "konposaketa luzeago eta ausartagoak" eginez. 11 abestik osatzen dute Aske; talde gipuzkoarraren bigarren iraupen luzeko lana da. Aske izan nahi duten pertsonen larruan jarri nahi izan du Hilotzek, "enpatia ariketa bat" eginez. 

Hilotz metal talde gipuzkoarrak hamar urte betetzen ditu aurten. Prestatzen ari ziren ekitaldi berezi bat, baina bertan behera utzi behar izan dute pandemiak eragindako egoera tarteko. 

Hil ala bizi maketa argitaratu zuten 2012. urtean, eta Giza ankerkeria diskoa 2016an. Bigarren disko hau Ekaitz Garmendiaren Black Storm estudioetan grabatu du Hilotzek. Azala, berriz, Xabier Sagastak diseinatu du. Diskoa esteka honetan erosi daiteke, eta beste honetan, berriz, osorik entzun.

Irailaren 18ko zenbakian, ostiralarekin, taldeko abeslari eta baxu-jotzaile Mikel Yarza lasarte-oriatarrari egindako elkarrizketa argitaratuko dugu.