Furundarena, Espainiako txapelketan zazpigarren

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 15a, 10:30
Naroa Furundarena Alcobendaseko pistan txapelketarako prest. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Naroa Furundarena atleta gaztea Espainiako txapelketako finalean lehiatu zen larunbatean, Alcobendasen (Madril). Orain, urria hasieran jokatuko den 20 urte azpiko Espainiako txapelketa du helburu

2020 urteko denboraldi berezi honetan, Espainiako 12 jauzilari hoberenen artean sailkatu zen Furundarena Espainiako txapelketan parte hartzeko eta larunbatean, irailaren 12an, Alcobendasen lehiatu zen gaztea jauzi hirukoitzeko proban.

Lehen hiru jauzietan finalean egongo zen zortzikoa erabakiko zen eta Furundarenak bertan egotea zuen buruan. Ez zuen txapelketa ongi hasi, 12 metroetara iristen ez zen jauzi bat eginez. Saiakera bakoitzean bere onena eman eta hirugarren jauzian finalerako txartela lortu zuen, 12,16 metro. Gerora ordea, ezin izan zuen marka hori hobetu. Balio gabeko bi jauzi egin ostean, 12,06 metro egin zituen azken aukeran.

Urteko markarik onena izan ez arren, irakurketa positiboa egin dute Ostadar SKT atletismoko arduradunek. “20 urte azpiko mailako atleta izanik, berriro ere, Espainiako txapelketan zazpigarren postua lortu du,” adierazi du Oscar Goikoetxea prestatzaileak. Furundarenaren erregulartasuna eta jarrera nabarmendu du eta oraindik hobetzeko duela uste du. “Oraindik alderdi batzuk hobetu behar ditu, baina maila honetan lehiatzeaz gozatu behar du ere”.

Furundarenak urriaren lehen asteburuan Madrilen lehiatuko den 20 urte azpiko Espainiako txapelketa du buruan. Bertan bi probetan izango da Lasarte-Oriako gaztea: luzera-jauzia eta jauzi hirukoitza. Helburua, dominak lortzea. Prestaketa modura irailaren 20an, igandearekin Ordizian egingo diren proba libreetan parte hartuko du luzera jauziko proban.

Batzuk atseden, besteak lanean hasi

Maider Rekondok eta Ohiana Igarrizek aldiz, modu paregabean amaitu dute denboraldi berezia, euren markak hobetuz. Irailaren 9an, Donostiako Miniestadioan antolatu ziren jaurtiketa proba libreetako disko-jaurtiketa proban lehiatu ziren biak. Rekondok 42.96 metroko jaurtiketa egin zuen; Igarrizek, berriz, 31,16 metrotakoa.

“Markak hobetzen jarrai dezakete, baina denboraldi berezi honi amaiera eman eta burua deskonektatzeko momentua dutela uste dugu,” adierazi du Atletismo saileko arduradunak.

Bi atleta hauek atseden hartuko duten arren, maila federatuko gainerako atletek lanean jarraituko dute atletismoko pistan. Aste honetan, gainera, 14 urte baino gehiago dituzten eta lehiatu nahi ez duten atletak gehituko dira entrenamenduetara. Federatuak ez daudenek, ordea, urriaren hasierara arte itxaron beharko dute.