Etor daitekeenari aurre egiteko protokoloak prest dituzte ikastetxeek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 12a, 09:00

COVID-19ak eragin ditzakeen gorabeherei aurre hartzeko neurriak zehaztuta dituzte ikastetxeek. Segurtasun neurri guztiak errespetatuz, aurrez aurreko eskolekin hasi dira dagoeneko, nahiz eta orain arteko ikasturte hasierekin antzekotasunik ez izan 2020-2021ak

kasleak bueltatu dira ikasgeletara, baina ez orain arteko ikasturteetan bezala. COVID-19ak eragindako pandemiari aurre hartzeko eta kutsatzeak ekiditeko ahaleginetan, hainbat jardunbide zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta horiek ardatz hartuta, kontingentzia planak zehaztu dituzte ikastetxeek. Horien artean, noski, Lasarte-Oriakoek ere bai.Kontigentzia plan horien lehen lerroetan, prebentzio neurriak finkatu dituzte. Zehaztu dute ikasleek eta ikastetxetako langileek ezingo dutela 37 gradu baino gehiagoko tenperaturarekin eskolara joan, hortaz, ezinbestean, etxean tenperatura neurtu behar direla eskolara. Oriarte Institutuan, esaterako, ikastetxera sartu aurretik, tenperatura neurtu diete ikasleei.

Arduradun bakar batek lagunduta joan beharko dira ikasleak eskoletara, eta laguntzaile hori beti pertsona bera izango da. Irakasleak, ikastetxeko langileak edo ikasleak ez diren edozein pertsonak eskoletara sartu nahi badu, hitzordua eskatu beharko du, eta haurrak ikastetxeetan utzi eta gero ezingo dira eraikinen inguruan geratu, pilaketak ekiditeko.

LHko ikasleak beti maskararekin
LHko lehen mailatik gorako ikasle guztiek musukoa erabili beharko dute uneoro, eta ikasle guztien senide edo arduradunek, harremanetarako telefonoak ahalbidetu behar dizkiete ikastetxeei, kasurik edo sintomarik agertu ezean, harremanetan jarri ahal izateko. Horrekin batera, ikasleek eskolaz kanpoko jardueraren bat egiten badute, hori ere jakinarazi egin beharko diote eskolari, "trazabilitate arrazoiengatik".
Irakasle guztiek ere derrigorrez jantzi behar dute maskara, baina Haur Hezkuntzako ikasleak ez daude maskarak erabiltzera behartuta, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak, ahal den neurrian, erabiltzeko gomedioa egin duen.

COVID-19 kasuak agertzen badira
Koronabirusak eragindako sintomatologia agertzen denerako protokoloak ere prest dituzte Lasarte-Oriako ikastetxeek.COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten ikasleek eta ikastetxeetako langileek etxean geratu beharko dutela argi zehazten dute ikastetxe bakoitzeko ikasleen familia edo arduradunei bidalitako txostenek.

Gerta daiteke, ordea, sintomatologia ikastetxean bertan agertzea, eta kasu horietarako ere, zehaztu dituzte eman beharreko pausuak.

Sintoma aurkezten duena ikaslea bada, horretarako prestatutako "isolamendu gela" batera joango da irakasle batek lagunduta eta beti ere babes neurriak jarraituz, eta ikastetxeak familiari jakinaraziko dio, ikaslea etxera eraman dezaten. Familiak osasun zentroarekin jarri beharko du harremanetan.
Sintomak dituena Hezkuntza Sailaren menpeko langilea bada, ordea, hori ere isolamenduan jarriko da (maskara jantzita) eta etxera joango da ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi ostean.  Azken horrek, Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuko arlo medikoari jakinaraziko dio.

Hori bai, balizko kasuen diagnostikoak jakin arte, ez da kontatu estuei buruzko ekintzarik adieraziko, eta irakaskuntza-jarduerak "normaltasunez" jarraituko du, higiene neurriak zorroztuz.Kasuak positibo direla baieztatzen badira, ikasleek beraiek, ikasle horien gurasoek edo arduradunek "berehala" jakinarazi beharko diote ikastetxeari, eta Osasun Sailak zehaztutako protokoloa jarriko dute martxan ikastetxeek: "Kontaktuen azterketa egingo da hezkuntza-ingurunean eta hezkuntza-ingurunetik kanpo, kontaktuak ezarrita dagoenaren arabera identifikatuz, sailkatuz eta haien jarraipena eginaz".
Koronabirusaren hedapen eta bilakaerak markatuko du, besteak beste, hezkuntzaren eta ikastetxeen norabidea. Momentuz, etor daitekeenari aurre hartzeko gaur-gaurko neurriei eutsiz abiatu dute 2020-2021 ikasturtea