Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak koronabirusaren hedapenari buruzko datuak eguneratu dituzte eguerdian. Txosten epidemiologikoaren arabera, Lasarte-Orian bost positibo berri erregistratu dituzte ostegunean. Horiek gehituta, iraila hasi zenetik 85 kutsatze hauteman dituzte herrian.
Ondoko grafika honetan abuztu eta irail hasierako kasuen bilakaerak jaso ditugu, eta biak alderatu:
Osasun Zentroko langileek PCR probak egiten segitzen dute Loidi-Barren pilotalekuan, 13:00etik 15:00etara. Ezin daiteke edonor joan bertara. Positibo eman duten lasarte-oriatarren gertukoei deitzen diete erizain arakatzaileek, eta frontoira joateko hitzordu bat adostu.
Beterri-Buruntza eskualdeko datu txarrenak izan dira herrian azken zazpi egunetan. Ostegunean, Hernanin atzemandako zortziak, Andoaingo bostak eta Usurbilgo biak gehituta, hauek dira eskualdeko udalerrien azken asteko kopuruak.
- Andoain: 21
- Astigarraga: 10
- Hernani: 51
- Lasarte-Oria: 57
- Urnieta: 8
- Usurbil: 6
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, aldiz, bigarren egunez jarraian, behera egin du kasu berrien kopuruak. Atzo, 8.917 PCR proba egin zituzten eta 574 positibo izan ziren. Lurraldeka: 185, Gipuzkoan; 308, Bizkaian; 70, Araban; eta 11 erkidegotik kanpo bizi diren lagunak dira.
Atzo 42 pertsona ospitaleratu zituzten, eta horiek batuta, 247 pertsona daude ospitaleratuta COVIDaren ondorioz; 58 ZIUn daude.