Lasarte-Oriako kirolari federatuak, lanean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 11a, 11:30
LOKE gimnastikako kideek udan ikastaroa izan zuten Michelin Kirol Guneko pilotalekuan.

Lasarte-Oriako kirol taldeak lanean hasteko prest dira. Boleibola, saskibaloia, judoa, gimnasia… Pixkanaka-pixkanaka herriko kirol taldeak denboraldi berria prestatzeko lehen pausoak ematen ari dira.

Lasarte-Oriako kirol talde desberdinek entrenamendu saioak hasi dituzte. COVID-19aren garapena dela eta, batzuek ez dute sei hilabetetan entrenatu eta gogotsu daude berriro ere haien kirol kideekin bat egiteko. 

Neurriek eta baimenek batzuen jarduna eragozten dute, ordea. Oraingoz, federatutako taldeak hasiko dira lanean. 12 urte azpiko gaztetxo eta haurrek Gipuzkoako Foru Aldundiak baimena eman arte itxaron beharko dute.

Saskibaloia

Ostadar SKTko Saskibaloi taldeetako batzuk uztailean udako saioak egin zituzten neurri zorrotzak jarraituz.

Endika Marrahi ataleko arduradunak azaldu digunez, “saio horien helburua gorputza kirolera ohitzea zen berriro. Prebentzio neurriak jarraitu genituen. Garrantzitsuena da ezin dugula kontaktua eduki gure artean eta zaila izan da entrenamenduak modu horretan egitea”.

Abuztuaren hirugarren astean junior eta kadete errendimendu eta partizipazio mailako lau taldeak lanean hasi ziren, Michelin kirol gunean eta irailean ohiko entrenamendu eremura itzuli dira, Maialen Chourraut kiroldegira. Aste honetan senior neskak eta junior neskak hasi dira lanean.

Marrahik azpimarratu duenez, errendimendu taldeetako kideek bakarrik dakite noiz hasiko diren lehian, urrian. Gainerakoak zain daude.

"Prebentzio neurri asko jarri dizkigute, daukagun egoera gogorra da baina kirola egiteko aukera dugu, ez dela gutxi", gehitu du Saskibaloi ataleko arduradunak.

Gimnastika

LOKE elkarteko gimnastika taldea ere Maialen Chourraut kiroldegiko kantxara itzuli da. Asteazkenean izan zuten taldeko  kadete, jubenil eta senior mailako kirolariek lehen saioa.

Maite Rueda arduradunak aipatu digunez, asteartetik ostiralera, 18:30etik 20:00etara Maialen Chourraut kiroldegian eta ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara Michelingo kirol guneko pilotalekua erabiliko dute denboraldi honetan. "Kirol gunean ostiraletan bakarrik egongo gara lanean eta bertan taldeek egingo dute lan".

Oraingoz, gimnastikako lagunek ez dakite noiz hasiko diren lehian, ezta zein baldintzatan ere. "Ez dakigu bakarka bakarrik lehiatu ahalko den. Taldeak bikoteetan banatu eta bakarkako txapelketan parte hartu ahalko duten. Hor arazo bat dugu, bakarkako eta taldeko tresnak ez dira berdinak... Ziurgabetasun handia dago eta informazioa pixkanaka-pixkanaka iristen zaigu. Guk lana aurreratzeko taldeetako kideak bakarkako lana egiten jarriko ditugu oraingoz", jakitera eman du.

Boleibola

Maialen Chourraut kiroldegiko kantxa erabiltzen duen beste taldeetako bat. Ostadar SKTren boleibol taldea dugu. Irailaren 4an, ostiralarekin hasi zituen saioak Asier Acuriolak zuzentzen duen taldeak eta dena ongi bidean, urria bukaeran hasiko du lehiaketa denboraldia. 

Hamaika jokalari ditu oraingoz lanean, baina besteren bat ere aurki bat egitea espero du boleibol taldeko arduradunak. “Topea hamalau fitxa dira”, azpimarratu du.

Entrenamenduak Maialen Chourraut kiroldegiko kantxa nagusian dira astelehenetan 18:30etik 20:00etara eta ostiraletan 16:00etatik 17:30era.

Judo

LOKE Judoko kideak astelehenean hasi ziren lanean. Kadete mailatik gorakoak izan dira lanean hasi direnak eta astelehen, asteazken eta ostiraletan bilduko dira 19:30etik 21:00etara saioak egitera.

Gorka Aristegi entrenatzaileak azaldu duenez, Udalaren protokoloaz gain, protokolo propioarekin egingo dute lan tatamian.

Igeriketa

Maialen Chourraut kiroldegiko kantxaz gain, igerilekua ere kirolarien zain dago. Iazko denboraldia itsasoan amaitu ostean, Buruntzaldea IKTko kadete, jubenil eta absolutu mailako igerilariek, berriro ere, Maialen Chourrauten hasiko dute bere jarduna, irailaren 14an. 

Buruntzaldea IKTko arduradunak entrenatzen hasiko diren igerilariekin harremanetan jarriko dira baldintza zehatzak helarazteko.

Masterrek, berriz, uztailean igerilekuan eman zioten amaiera ikasturte bereziari eta atseden egun gehiago izango dituzte. Urriaren 5ean hasiko dituzte saioak.

Futbola

Futbol elkarteetako talde federatuek ere baimena dute entrenamenduekin hasteko. Michelingo kirol guneko futbol zelaiaren banaketa eta ordutegiak zehazteke daude, ordea. Gaur dute bilera.

Ostadar SKTko arduradunek jakitera eman digutenez, irailaren 14an, astelehenarekin saioekin hasteko asmoa dute. Taldeak Emakumezko Erregionala, Gorengo Erregionala, 1. Erregionala, Ohorezko kadetea, kadete 1. mailako bi talde, Ohorezko infantila eta Infantil txikikoa dira.

Texas Lasartearra taldeko infantil eta kadete taldeak irailaren 15ean dira lanean hastekoak. Oraindik baieztatzeke, astearte eta ostegunetan egingo dituzte saioak, 19:30etik aurrera. Gainerako taldeekin urrian lanean hasteko asmoa dute eta horregatik izena ematea irekita dutela jakitera eman dute.

Areto-futbola

Eguzki Areto-futbol elkarteko kideek oraindik ez dute hasiera datarik. 

Federazioek maila ez profesionaletako denboraldietako hasiera data zehazteko dituzte eta horien arabera, lanean hasteko asmoa du areto-futbol taldeak.

Ez federatuak, zain
Lasarte-Oriako kirol egoeraren aurpegia federatutako kirolarien lan hasiera bada ere, egoerak badu bere gurutzea. Elkarteek ez dakite 12 urtez azpiko ez federatuak noiz hasi ahalko diren lanean. Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du baimenik eman oraindik maila horietako haur eta gaztetxoek kirol-jarduerarik egin dezaten.

LOKE gimnastikako Maite Ruedak egoera zail ikusten du. "Ez dakigu noiz hasi ahalko diren. Batzuek urria diote, besteek azaroa eta besteek urtarrilera arte ezingo direla hasi. Gure kasuan, gimnasia taldearen bi heren  dira maila horretako kirolariak eta taldearen harrobia, gainera".

Kezkatuta agertu da LOKE judoko arduradun Gorka Aristegi ere, “belaunaldi bat galdu ahal dugu. Oztopo pila ari dira jartzen eta ez dakit hartu duten erabakia noren mesedetan egiten duten. Kirola eta haurren alde ez, nire ustez".

Zain daude, beraz, taldeak  euren jaduna%100ean egin ahal izateko.