EUSKARALDIA

Entitateek ere parte hartuko dute aurtengo Euskaraldian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 11a, 10:29

Lasarte-Orian 51 entitate erreferente daude. Hasi dira Euskaraldia prestatzen.

Badator bigarren Euskaraldia: azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Berrikuntza nagusia da herritarrek ez ezik, mota guztietako entitateek ere parte hartuko dutela hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa sozial horretan, 'arigune' delakoetan elkartuz.

Hizkuntza ohiturei beste astinaldi bat emango die Euskaraldiak aurten. 2018an egin zuten aurrenekoz ariketa sozial hori herritarrek, norbanako gisa. Ezohiko urte honen amaieran etorriko da bigarrena, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, berrikuntza nabarmen batekin: herritarrek ez ezik, mota guztietako entitateek –enpresek, komertzioek, elkarteek, hezkuntza eragileek, instituzio publikoek, eta abar– parte hartuko dute, arigune delako espazioak sortuz. Beste hitz batzuetan esanda, espazio horiek euskaraz aritzeko guneak izango dira, barnekoak zein kanpokoak.

Alor teknikoetan sakondu aurretik, merezi du azpimarratzea Lasarte-Oriako zerrendan 51 entitate daudela gaur-gaurkoz. "Entitate erreferente" gisa hartu dituzte horiek denak Udalak eta Ttakunek; badaramatzate hilabete batzuk lanketa egiten. Asteon aurkeztu dituzte parte-hartzaile horiek Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan, ostegun arratsaldean, irailak 10,  maskara jantzita eta elkarren arteko distantzia soziala mantenduta. Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordoki, batzorde horretako teknikari Marifer Gorostiza eta Ttakun Kultur Elkarteko kudeatzaile Jokin Guridi arduratu dira Euskaraldiaren edizio honen nondik-norako eta xehetasunak azaltzeaz.

Aurrekariei buruz jardun da Antxordoki. "2016an egin genuen azkenekoz Euskararen Maratoia, orduan entzun genituen Ahobizi eta Belarriprest hitzak lehen aldiz. Badirudi atzo zela, baina pasa dira lau urte ordutik", gogoratu du. Euskaraldiaren ideia ere hortik dator. Maratoiaren 10. edizioa aurten ospatzekoa zen, baina pandemiak eragindako egoera tarteko, urtebetez atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.

Entitateak ere bai

Euskaraldiak, ordea, aurrera darrai. Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da; helduen aktibazioa du oinarri. Antxordokik zehaztu bezala, aurreneko edizioa 2018. urtean egin zen. Orduko horretan herritarrek parte hartu zuten, norbanako modura, lehen aipatutako bi rol horietako bat hartuz: Ahobizi, euskaraz ulertzen duten guztiekin hizkuntza horretan solastuko direnak uneoro; edo Belarriprest, euskara ulertzen dutenak eta besteei euskaraz egin diezaioten eskatuko dutenak. Parte hartzaile mota horri dagokionez antza handia izango du 2020ko ariketak. 

Aurtengo berrikuntza nagusia: mota guztietako entitateek ere parte hartu ahalko dute, ariguneak sortuz, barne zein kanpokoak. Ahobizi edo Belarriprest izango dira kideak.Barne-ariguneetan, Guridik azaldu duenez, entitateen baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira. Esate baterako, elkarte baten zuzendaritza taldea. Kanpo-ariguneak, berriz, osatuko dituzte herritarreko harreman-espazioetan dauden pertsonek, dendari zein tabernariek kasu. 

Irailaren 27ra arte izena eman ahalko dute euskaraldian parte hartu nahi duten entitateek

Gorostizak jakinarazi du herri mailan lan hori egin dutela dagoeneko zenbait entitatek, eta beste zenbait orain hasiko direla. Entitate erreferenteak aurkeztuta, Lasarte-Oriako gainontzekoak animatzea da helburua. Deialdia datorren astetik aurrera zabalduko zaie guztiei, eta irailaren 27ra arte edukiko dute erantzuteko epea, igandearekin. 943 37 14 48 telefonora deitu edo ttakun@ttakun.eus helbidera idatzi daiteke. Ahobizi eta Belarriprest gisa izena emateko epea beranduxeago irekiko da.