Ikasturte berriko lehen udalbatzarra egin dute ostegun arratsaldean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 11a, 09:56

Lau puntuko gai ordenarekin bildu dira udal ordezkari guztiak udalbatzar aretoan, eta ia berrogeita hamar minutuz aritu dira mahai gainean jarritako gaiak eztabaidatzen

Arratsaldeko 18:30erako ekin diote iraileko ohiko udalbatzarrari. Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza, eta gai ordenean zehaztutako lehen puntua ekarri du mahai gainera. Lasarte-Oriako Udaleko langileen lan-baldintzak arautzen dituen markoaren 53. artikulua aldatzeko proposamena aurkeztu du, eta inork gaiarekiko esatekorik ez zuenez, bozketa egin dute zuzenean. Alderdi guztiek bat egin dute, eta aho batez onartuta geratu da proposamena.

Lanean kanpoko indarkeriari aurre hartzeko eta aurre egiteko protokoloaren onarpena eztabaidatu dute gero. Inongo alderdik ez du bozka egin aurreko azalpenik egin, hortaz, zuzenean bozketa egin dute. PSE-EE eta ELOP Elkarrekin Lasarte-Oriako Podemos alderdien aldeko hamar bozkekin, eta EH Bilduren eta EAJren zazpi abstentziorekin aurrera egin du proposamen horrek ere.

Bozketaren ostean etorri dira azalpenak. Uxue Loinaz EH Bilduko zinegotziak hartu du hitza eta abstentzioaren zergatia azaldu du. Protokoloaren beharra "ezinbestekoa eta garrantzitsua" da EH Bildurentzat, baina "zehaztapen maila handiagoa" behar duela iritzi du: "Hainbat pauta markatzen dira, baina orokorrak dira eta ez dira herrira egokitzen". Horretarako pauta horiek fintzeko beharra azpimarratu du Loinazek, besteak beste, protokoloa nork, nola, non eta noiz eramanago den aurrera jakiteko beharra ikusi du . "Protokoloa martxan jartzeko beharra dagoenean hori guztia ez badago zehaztuta, zailtasunak ekarriko ditu".

EH Bilduko ordezkariaren bozka azalpena amaituta, gai ordenako hirugarren puntuari heldu diote; mozio bat ekarri du EAJ-k mahai gainera.
Boris Nogalesek hartu du hitza eta, azaldu du, herriko eskola-eraikinen mantentze lanen kudeaketaren karga bolumena oso garrantzitsua dela, eta zaila izaten ari dela garrantzi ekonomiko handiko mantentze-lanak kudeatzea.  Horregatik, bi eskaera egin dizkio udal-gobernu taldeari. Lehenengoa, herriko ikastetxeetako zuzendaritza taldeekin eta guraso elkarteekin batera, ikastetxe bakoitzean behar diren obra handietan lehentasunak ezartzea, eta, urtero gauzatu beharreko lehentasunekin dokumentu bat sortzea. Bigarrenik, udal-aurrekontuetan ezarritako lehentasunen araberako mantentze lanetarako berariazko partidak egokitzea ere galdegin du.

Eskaera horiek ez dute aurrera egin. EAJren aldeko hiru bozkekin, EH Bildu eta ELOPen aurkako sei bozkekin eta PSE-EEren zortzi abstentziorekin bere horretan geratu da mozioa. 

Jon Martin EH Bilduko ordezkariak hartu du hitza jarraian bozka azalpena egiteko. Esan du EAJk aurkeztutako mozioak ez duela urteetan herriko eskola eraikinekin gertatutakoa ongi adierazten: "Mozio hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, urteetan ikastetxeetako eraikinetan izandako utzikeria estaltzeko saiakera bat dela uste dugu". 

Horrela, ELOP-rekin batera, azken urteetan ikastetxeen eraikinekin gertatutakoa "hobe" islatzen duen mozio alternatiboa aurkeztu du eta hiru eskaera egin dizkiote udal gobernu taldeari.
Lehena, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritza, guraso elkarte eta Hezkuntza Departamentuko ordezkari batekin urtero gauzatu beharreko mantentze lanak eta egiturazko lanak identifikatzea eta horien lehentasuna finkatuko duen dokumentu bat sortzea. Bigarrenik, udal gobernuak udal-aurrekontuetan ezarritako lehentasunen araberako mantentze-lanetarako berariazko partidak egokitzea, eta, hirugarrenik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari egokitzen zaizkion lanak burutzeko, euren aurrekontuetan partidak egokitzea.

Bozketarekin hasi aurretik, proposamen hori entzunda, EAJko Boris Nogalesek hartu du hitza berriro eta Hezkuntza Sailak eskaera horri kasurik egingo ez diola esanaz borobildu du bere hitzartzea. Ostiral goizean TXINTXARRI-ri bidalitako ohar batean ere azaldu dute alderdi jeltzalearen mozioa ez dela izan alkateari zuzendutako kritika bat: "Proposamenak baino ez ditugu jaso eta mozio batean jaso ditugu. Are gehiago, mozioaren goiburuan bertan aitortu dugu udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila egiten ari diren ahalegin ekonomikoa". Horrekin batera, ohar berean azaldu dute EH Bildu eta ELOPen mozioarekin abstenitzea erabaki dutela euren ekimena kontramozioaren oinarria dela jakinda.

Bozketan EH Bilduk eta ELOPek alde bozkatu dute, eta EAJ eta PSE-EE, berriz, abstenitu egin dira. Hortaz, aldeko sei bozkekin eta 11abstentziorekin EH Bildu eta ELOPen eskaerek aurrera egin dute. 

Bozka azalpenaren txanda zabalduta, David Mateos Zerbitzuetako zinegotziak hartu du hitza. Azaldu du ez dagoela garbi ikastetxeen eraikinei dagokionean zein erakundek hartu behar dituen bere gain eraikinetan egin beharreko lanak. Mantenu lanak udalari dagozkiola eta inbertsioak, berriz, Hezkuntza Sailari argi ikusten badute ere, nahastea gertatu da hainbatetan egin beharreko zenbait lan bi erakunde horietako nori dagokion erabakitzerako orduan. Gaineratu du, gaur-gaurkoz ezinezkoa dela erakunde bakoitzari dagozkion lanak zehazteko akordio batera iristea, eta, horren ondorioz, Lasarte-Oriako Udala bere gain hartzen ari dela inbertsioak diren zenbait obra. 

Horregatik, eskaera bat egin dio EUDELi; bi erakundeekin negoziatuta (Lasarte-Oriako Udalarekin eta Hezkuntza Sailarekin), argitu dezala zein diren erakunde bakoitzari ikastetxeen eraikinetan egitea dagozkien lanak.

Galdera eta erreguen tartean ere hainbat gai

Udalbatzarrarekin amaitu aurretik, gai ordenako laugarren eta azken puntuari eutsi diote: galdera eta erreguei.

EAJko Jon Antxordokik Zataraingo Babes Ofizialeko Etxebizitzen partzelak salmentara aterako direla-eta (hala jakinarazi zuen alkateak hirigintzako azken batzordean), jakin nahi du bertara bizitzera joango diren familiak nola moldatuko diren auzotik atera eta sartu ahal izateko. Irisgarritasun arazoei konponbide bat bilatzeko bide alternatibo bat aztertzeko beharra ikusten du, eta gaia landu egin behar dela uste du. 
Alkateak erantzun dio udaleko teknikoen txostenak dituztela eskuartean, eta txosten horietan diseinatu diren bideak nahikoak direla Zataraingo partzeletara bizitzera joango direnen familien zirkulaziorako: "Kontrakorik esaten ez den bitartean, ez dago arazorik".

Boris Nogalesek hitz egin du bere alderdikideak amaitu eta gero. Erregu batekin zuzendu zaio alkateari, eskatuz alderdi politiko guztien artean, saiatu daitezela udaletxe barruko pertsonal arazoari irtenbide bat emateko monografiko bat egiten.
Bestalde, eskola kontseilua noiz deitzeko asmoa duten ere galdegin dio udal gobernu taldeari, eta Maite Iglesias Hezkuntza zinegotziak erantzun dio urrian deitu asmo dutela. 

EH Bilduko Jon Martinek ere ekarri ditu pare bat gai gai ordenako azken tartera. 2019ko uztailaren 1eko Hirigintza Batzordean udal baratze ekologikoak arautzeko baldintza administratiboak aurkeztu baziren ere, gerora, aldaketa batzuk egin behar zirela argudiatuta, baldintza administratibo horien onarpena atzeratu egin zela ekarri du gogora. Urtebete pasa ondoren, jakin nahi du zer gertatzen ari den gai horrekin eta baratze ekologikoekin zein asmo duten.
Alkateak erantzun dio baratze ekologikoak martxan jartzeko gogoz direla eurak ere, eta txostena, ekainaren 23az geroztik kontu hartzailearen bulegoan dagoela, hark espedientearen azken txostena egin dezan, lizitaziora atera aurretik.

Saioa amaitu aurretik, Zatarain auzoko irisgarritasun arazoez ere hitz egin du: "Guk argi daukagu, sekulako arazoa dagoela Zatarainen irisgarritasunari dagokionean eta horri konponbidea bilatu behar zaio. Bere garaian proiektu hori bere horretan onartu izanak sortu du gaur egun daukagun arazoa".