Tropelean iritsi arren, ezin lehen postuetan egon

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 11a, 11:00
Pozo, laugarren ezkerretik, eta Etxeberria, bigarrena eskubitik, irteeran. Arg.: E.Pozo.

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako Haimar Etxeberria eta Asier Pozo junior mailako Espainiako txirrindulari onenen aurka lehiatu ziren irailaren 6an, igandearekin, Llucmajorren (Balear Uharteak). Euskadiko selekzioak Beñat Carbayeda gaztea ere erlojupeko eta lerroko proban parte hartzeko aukeratu arren, herritarrak ezin izan zuen Balear Uharteetara bidaiatu arrazoi pertsonalak zirela eta. 

Etxeberria eta Pozok 134 kilometrotako lerroko proban parte hartu zuten. Eugenio Pozo Buruntzazpiko prestatzaileak azaldu modura proba gogorra izan zen. "Lasterketako abiaduraren bataz bestekoa, 42,5 kilometro ordukoa izan zen eta ibilbidean zehar, eraso ugari izan ziren. Horrek, txirrindulari ugarik lasterketa bertan behera uztea ekarri zuen".

Valentziako erkidegoko kideek kontrolpean izan zuten lasterketa hasieratik eta gainerako korrikalarien ihesaldi eta eraso ezberdinak zapuztu zituzten. Ondorioz, 40 korrikalariko tropela iritsi zen azken kilometrora, Etxeberria eta Pozo tarteko. Esprinean jokatu behar izan zuten guztia parte-hartzaileek eta Valentziako Erkidegoko Juan Ayusok titulua berretsi zuen. Buruntzazpi eskolako Etxeberriak hamabigarren igaro zuen helmuga; Pozok, ordea, hemezortzigarren.

Lasterketa gutxi

Buruntzaldea IKTko txirrindulariak proba gutxitan parte hartu ahal izan dute  errepideko denboraldi berezi honetan. Junior mailako korrikalariak Zumaian, Berriatuan (Bizkaia) eta Beasainen izan dira lehian; kadeteak, berriz, Zumaian eta Urretxun.

Abuztuaren 9an, Gipuzkoan antolatzen zen junior mailako lehen proban parte hartu zuten junior mailako hirukoak, Joxe Mari Korta proban. 

153 korrikalari izan ziren irteeran eta 83 kilometrotako ibilbidea txirrindularien egoera ikusteko baliagarri izan zen, 97 partehartzaile bakarrik iritsi ziren helmugara. Buruntzazpiko Asier Pozo eta Haimar Etxeberria  txirrindulariak lehen postuetan egon ziren, bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren. 

Euskadiko txapelketa, berriz, abuztuaren 14an jokatu zen Berriatuan. Erkidegoko 163 txirrindulari batu ziren irteera puntuan eta 101 kilometrotako ibilbidearen ostean, Haimar Etxeberria podiumeko hirugarren mailara igo zen. Gainerako kideak lehen hogeien artean iritsi ziren helmugara: Beñat Carbayeda zortzigarren postuan eta Asier Pozo hamalaugarren postuan.

Espainiako txapelketa baino lehen, prestaketa-lasterketa izan zuten Buruntzazpiko kideak abuztuaren 30ean, Gipuzkoako Klasika. Estatu guztiko eta Frantziako taldeak lehiatu ziren proban. Etxeberriak eta Carbayedak Euskadiko selekzioarekin parte hartu zuten eta Pozok, berriz,Gipuzkoako selekzioarekin. 

Eguraldia ez zuten lagun izan, ordea. Euriak ez zuen atsedenik eman eta ibilbideko 115 kilometroak egitea ez zen erraza izan gazteentzat. Eroriko ugari egon ziren eta korrikalari ugarik lasterketa utzi zuten. Pozok eta Etxeberriak, esate baterako, erorikoa izan zuten helmugatik 200 metroetara. 

Hala eta guztiz ere, Beñat Carbayeda hamahirugarren izan zen helmugan; Etxeberria 44. postuan igaro zuen helmuga eta Pozok 45. postuan.

Kadete mailako Daniel Furshenkok eta Adur Tapiak ere ez dute ia errepidean ibiltzeko aukerarik izan.

Zumaiako sarian lehiatu ziren, abuztuaren 22an eta irailaren 6an, igandearekin, Gipuzkoako txapelketa zen A. Mendijur oroimenezkoan ere parte hartu zuten. 

Furshenko izan zen bi probetan emaitza hoberena lortu zuen Buruntzazpiko txirrindularia. Gipuzkoako txapelketan, esate baterako, zortzigarren izan zen helmugan.