Aiora Belartieta: "Ohorezko txandan edozer gerta liteke"

Nerea Eizagirre 2020ko ira. 11a, 12:00
Aiora Belartieta Kontxako Banderako Ohorezko txandan lehiatuko da. Arg.: A. Belartieta.

Lasarte-Oriak ordezkaria izango du XIII. Emakumeen Kontxako Banderako Ohorezko txandan. Aiora Belartieta eta Donostia Arraun Lagunak traineruak hirugarren postua eskuratu zuten lehen jardunaldian eta igande honetan, Orio, Donostiarra eta Tolosaldea izango dituzte arerio Kontxako badian

2019an hasi zen arraunean Belartieta (Lasarte-Oria, 2002). Txikitatik erakargarria egiten zitzaion kirola probatu eta egun arraunaren lehen mailan ari da lehian. Aurtengo denboraldi bereziari eta Kontxako Banderari buruz hitz egin dugu Lasarte-Oriako arraunlari gaztearekin.

Urtebete arraunean egin eta Donostia Arraun Lagunak eskifaian egin duzu debuta denboraldi honetan. Nolako esperientzia izan da? 

Aurten lehengo urtean baino estropada gehiago jokatu ditut eta izugarria izan da esperientzia. 

Urte batetik bestera jauzi handia egin omen dut bai teknikoki bai fisikoki ere.

Euskotren Liga hirugarren amaitu duzue. Zer nolako irakurketa egiten duzue?

Ez gara guztiz gustura geratu egindako denboraldiarekin. Badakigu gure taldeak gehiago eman dezakeela. Gainera, bi berrogeialdiek egoera zaildu digute.

Euskotren Ligan, baita Kontxako Banderan ere berrogeialdien eragina somatuko zenuten?

Bai, bi berrogeialdiek eragin handia izan dute. Denboraldiaren erdialdean, etxe barruan bakarrik entrenatzeak kalte handia egin digu.

Bigarren berrogeialdiaren ostean, sailkapen saiora ozta-ozta iritsi zineten. Aste bete baino gehiago uretan egon gabe eta erlojupekoan hirugarren egin zenuten. Etxean egon zareten bitartean gogor egin duzue lan, ezta? 

Bai, horrela da. Berrogeialdian ere etxean entrenatu dugu. Urte hau guztia pasa eta gero, Kontxako Bandera jokatu nahi genuen. Zorionez sailkapenera iritsi ginen. 

Donostiako badiako baldintza bereziak ezagutzeak ere lagunduko zuen sailkapenean?

Denboraldi osoan zehar Kontxako badian entrenatzen gara eta nik uste dut horrek asko lagundu digula sailkapenean hirugarren postu hori lortzeko, eremua ezagutzen dugulako.

Aurreko jardunaldian lehengo txandan egon arren, hirugarren denborarik onena egin zenuten. Ohorezko txandarako sailkapena lortzea zenuten buruan? 

Bai, gure helburua ohorezko txandan sartzea zen eta lortu dugu.

Nola bizi duzu Kontxako Banderan parte hartu ahal izatea eta Ohorezko txandan parte hartu ahal izatea?

Kontxako Bandera oso estropada berezia izaten da eta aurten COVID-19a dela eta ez da egon betiko giro polit hori baina asko disfrutatu det arraunean.

Igandera begira zail izango da Euskotren Ligan nagusi izan den Orio garaitzea. Donostiarra eta Tolosaldea ere indartsu iritsi dira, zein da zuen helburua?
Hurrengo igandean edozer gerta liteke. 

Aurreko igandean batzuek Tolosak irabaziko zuela pentsatzen zuten baino ez zen horrela izan, beraz edozer pasa daiteke. 

Gu beti bezela ohorezko txanda irabaztera edo estropada txukun bat egitera joango gara.

COVID-19a dela eta, aurten ia ikuslerik gabeko probak izan dituzue, ikusleen bultzada hori falta izanak arraunean eragiten du?

Arraunean azken finean ekipokoak gaude bakarrik uretan eta gure artean animatzen saiatzen gara. Egia da Kontxako Banderan jendea ez egotea oso tristea dela. Arraunlari guztiok hori faltan botatzen dugu.