Musukoak, gel hidroalkoholikoa, mukizapiak eta libururen baten bat motxilan sartuta daude, dena prest haurrak eskolara bidaltzeko —bazen garaia!—; baina guraSOS!, Covid-kit-az aparte ez ahaztu hamarretakoa

Ezin dugu alde batera utzi maskara beharrezkoa dela kutsadurari aurrea hartzeko, baina ezta umearen osasuna eguneroko elikaduraren mende dagoela ere. Beraz, jatordu bakoitza garrantzitsua da. Obesitatea, diabetesa edo kolesterola saihesteko egiten ez baduzu, behintzat egin ezazu, oro har, birusak saihesteko.

Inmunitate-sistema sendo bat mantentzeko, ariketa egin behar dute eta atsedena hartu (pantailarik gabe). Era berean, jaten eta edaten dutena ondo aukeratu, zuk lagunduta. Adibide batzuk jarriko dizkizuet (moldagarriak dira, alergia-intolerantziak edo bizimodu alternatiboak kontutan hartuta). Astelehenean: esne-osoa, edari-begetala, natural-jogurta edo osagai hauekin egindako irabiakia; baina adi, pote txikiko super-edari azukredunak EZ du balio. Asteartean: sasoiko fruitu osoak edo potetxo batean zatikatuta eraman daitezke. Asteazkenean: etxean egindako bizkotxoa, zergatik ez, azukre kopurua murrizten badiozue. Ostegunean: fruitu lehorrak edo ogitxo integralak. Eta ostiralean: ogitartekoa, baina erne jartzen diozunarekin; gazta, tortilla, banana fruitu lehorren krema igurtzita (azukrerik gabe), guakamole eta urdaiazpikoa (ez hestekirik), hegaluzea piperradarekin, aukera on batzuk dira. Eta jakin ondo badakizu zeintzuk ez diren egunero eraman behar. Izan ontsa.