COVID-19

Hamabi kasu erregistratu dituzte Lasarte-Orian azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 10a, 14:12

Loidi-Barren pilotalekuan egiten hasi dira PCR probak. Argazkia: Isaac Farre Rico.

Irailaren 9ko datu epidemiologikoen berri eman du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Horien arabera, Lasarte-Orian beste hamabi kutsatze atzeman dituzte. Hilabete hasieratik 80 kasu zenbatu dituzte gurean.  

Beterri-Buruntza eskualdeko zenbait udalerritan kasu gehiago atzeman dituzte: Hernanin sei, Andoainen hiru eta Usurbilen bat. Lasarte-Orian, esan bezala, hamabi. Azken positibo horiek zenbatuta, iraileko lehen bederatzi egunetan 80 kasu detektatu dituzte gurean. Ondoko grafika honetan abuztu eta irail hasierako kasuen bilakaerak jaso ditugu, eta biak alderatu:

Osasun Zentroko langileek PCR probak egiten segitzen dute Loidi-Barren pilotalekuan, 13:00etik 15:00etara. Ezin daiteke edonor joan bertara. Positibo eman duten lasarte-oriatarren gertukoei deitzen diete erizain arakatzaileek, eta frontoira joateko hitzordu bat adostu. 

Kutsatzeak behera EAEn

Bezperako datuekin alderatuta, irailaren 9an jaitsi egin dira kutsatzeak apur bat: 661 detektatu zituzten asteartean, eta 635 atzo. PCR proben kopurua ere jaitsi egin da, 9.906etik 8.389ra. 233 pertsona daude ospitaleetan ingresatuta (bezperan baino hamalau gutxiago, horietatik 55 ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan.