COVID-19

Datu eguneraketa: zortzi positibo berri Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 9a, 13:08

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak irailaren 8ko datu epidemiologikoen berri eman du. Horien arabera, herrian zortzi kutsatze gehiago erregistratu dituzte azken 24 orduetan. Iraila hasi zenetik 68 atzeman dituzte. EAE mailan PCR proba gehiago egin dituzte egun horretan, eta kutsatzeak ere igo egin dira: 661 Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian.

Datu epidemiologikoak eguneratu ditu Osasun Sailak, eta herriz herrikoei so eginda, kutsatzeek gora egin dute Lasarte-Orian: zortzi kasu erregistratu dituzte. Iraila hasi zenetik 68 kasu atzeman dituzte gure herrian. Arakatzaileek deituta, herritarrek PCR probak egiten jarraitzen dute Loidi-Barren pilotalekuan; atzotik ari dira Osasun Zentroko langileak bertan lanean, Mercero espazioa utzita. Probak egiten ari diren lasarte-oriatarrak dira kutsatuak daudenekin harreman zuzena daukatenak.

Beterri-Buruntza eskualdeko gainontzeko udalerri guztietan ere erregistratu dituzte positiboak. Herriz herriko datuak hauek dira:

  • Andoainen, bederatzi
  • Hernanin, sei
  • Astigarragan eta Usurbilen, hiruna
  • Urnietan, bi

PCR eta kutsatze gehiago

Positibo dezente gehiago atzeman dituzte EAEn irailaren 8an, bezperan baino 264 gehiago. Guztira, 661. Horietatik gehienak Bizkaian, 312; Gipuzkoan, 240; eta Araban, 97. 10.000 PCR probatik gertu egin dituzte asteartean, 9.906 denera –bezperan baino 3.070 gehiago–. 

ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan bi pertsona gehiago ingresatu dituzte irailaren 8an, eta 52 paziente daude bertan. Unitate horretan edo bertatik kanpo, berriz, 247, bezperan baino sei gehiago.