IKASTURTE HASIERA

Sasoeta-Zumaburuko ikasleek ere ekin diote ikasturte berriari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 9a, 10:46

Astearte goizean itzuli dira Sasoeta-Zumaburuko ikasleak ikastetxera. Segurtasun neurriak txukun-txukun mantenduz ekin diote lehen eskola egunari

Modu mailakatuan sartu dira Sasoeta-Zumaburuko ikasleak ikastetxera. LH 5. mailako ikasleak izan dira eskola atarira goizen iritsi direna, eta bertan itxaron dute, irakasleak euren bila jaitsi diren arte.

Bederatzietan puntuan zabaldu dituzte ateak, baina ez ohiko sarrerakoak; ikastetxeko patiotik sartu dira. Ikasgela bakoitzeko irakaslea zain zuten ikasleek, eta elkar agurtu eta gero, ilera batean bildu dira, segurtasun distantziak mantenduz.

Lehen txandako ikasleak bilduta, gelaz gela igo dira ikasgeletara. Hori ere modu ordenatuan egin dute; eskaileren eskuin aldetik igo eta ikasgelara iritsi bezain laster, gel hidroalkolikoarekin igurtzi dituzte eskuak, eta barrura sartu dira. Ikasgela barruan ere dena prest zuten; ikasle bakoitzaren izena agertzen zen papertxoak jarri dituzte, ikasleek eseri beharreko lekuak identifikatu ahal izateko. 

Bigarren txanda ordu laurden beranduago (09:15ean) egin dute, eta horien ostean, hirugarren eta azken txanda (09:30ean). Mailak banatu dituzte sarrera txandak. Haur Hezkuntzako haurrak ere gaur hasi dira. 

DBH 4 eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleek datorren astean ekingo diote ikasturte berriari.