COVID-19agatik beste bost pertsona kutsatu dira Lasarte-Orian, Osasun Sailaren txostenaren arabera. Iraileko egun guztietan erregistratu dituzte kasuak orain arte, baina duela bi egunetik jaisten ari dira. Dena den, abuztuko aurreneko zazpi egunetan baino 44 kutsatze gehiago detektatu dira iraileko aurreneko zazpietan. Grafika honetan ikus dezakezue konparaketa:
Udalak berriki jakinarazi duenez, Osasun Zentroarekin adostu du PCR probak tokiz aldatzea, eta gune zabalago batean egitea: Loidi-Barren pilotalekuan. Mercero gunean aritu dira erizainak abuztu amaieratik hona, baina espazio hori libre geratuko da orain. Azterketa horiek ezin ditu edonork eskatu. Azkenaldian kutsatzen ari diren pertsonen gertukoei bideratuta daude. Arakatzaileak jartzen ari dira harremanetan beraiekin, eta hitzorduak zehazten. 13:00etan hasi dira eta ordu erdian 60 proba egin dituzte.
Beterri-Buruntza eskualdeko gainontzeko udalerriei dagokienez, 11 kasu erregistratu dituzte Hernanin eta bi Astigarragan.
EAEko datuak
Azken 24 orduetako kutsatu kopurua jaitsi egin da erkidegoko lurralde historikoetan, baina egia da PCR proba gutxiago egin zirela irailaren 7an, 6.836 guztira. Horietatik %5,8 izan dira positiboak, 397. Horietatik 216 Bizkaian, 146 Gipuzkoan eta 27 Araban. Kutsatuetako pertsonetatik zortzi EAEtik kanpo bizi dira.
ZIUn 50 pertsona daude ospitaleratuta, bezperan baino bat gehiago. Ospitaleetan, plantan zein unitate horretan, 241 paziente daude koronabirusagatik ingresatuta. R0 tasa 0,98koa izan da irailaren 7an.