IKASTURTE HASIERA

Itzuli dira ikastetxeetara Landaberri eta Oriarte ikastetxeetako ikasleak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 8a, 09:54

Sei hilabete ikastetxeetatik kanpo egin ondoren, asteartean ekin diote ikasturte berriari Landaberri ikastetxeko eta Oriarte Institutuko ikasleek, Landaberri eraikinean ikasten dute DBH 1 eta 2. mailakoek. Sasoetakoak, berriz, bihar hasiko dira.

Segurtasun neurriak zainduz eta modu ordenatu batean sartu dira Oriarte Institutuko ikasleak Landaberri eraikinera. DBH 1. eta 2. mailako ikasleak lehenak izan dira ikasturte berriari ekiten, eta gogotsu ikusi ditu TXINTXARRI aldizkariak eskola atarian. DBH 3. eta 4. mailakoak eta Batxilergokoak datorren astean hasiko dira Larrekoetxe eraikinean. Sasoetako ikasleak, berriz, bihar.

Maskarak jantzita eta segurtasun distantziak mantenduz, ilaran itxaron dute sarrera iritsi arte. Bertan, eskolako irakasleek tenperatura neurtu diete, ikasgeletara sartu aurretik, eta behin lehen sarrerara iritsita, gel hidroalkolikoarekin eskuak igurtzi eta ikasgeletarako bidea hartu dute. Eraikin osoko lur eta paretetan itsatsitako geziei jarraituz igo dira ikasgeletara, eta txukun-txukun eseri da bakoitza bere mahaian. Segurtasun neurriei eutsiz, irakasleen azalpenei adi-adi hasi dute lehen goiza. 

Aldapatik ikasgeletara

Landaberri LH eraikinean ikasten duten gazteak gaur itzuli dira klaseetara. 08:30etik 08:50era iritsi dira autobusak, banan bana. Ilaran igo dute aldapa neska-mutilek, eta ikasgeletara sartu, peto hori bana jantzita zeramaten irakasleen laguntzaz. 09:00etan hasi dira.