Lasarte-Oriako Mendi Festan izen-emate murrizketa izango da

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 7a, 16:00
I. Mendi Festak harrera ederra izan zuen eta 300 parte hartzaile izan zituen.

Lasarte-Oria Trail kirol elkarteko kideak lan eta lan ari dira irailaren 27an Lasarte-Oriako II. Mendi festa aurrera ateratzeko. Gaur kirol elkarteak jakin arazi duenez, izena emate kopurua 300 inskripziotara mugatuko da

Lasarte-Oria Trail kirol elkarteko kideek Eusko Jaurlaritzak pandemiaren hedapena geldiarazteko ezarritako COVIDen aurkako arauak betez 300 laguneko gehienezko kupoa ezarri du II. Mendi Festarako. "Gobernuaren aginduak aukera ematen du jendaurreko lehiaketak, ekitaldiak eta kirol-ikuskizunak aire zabalean egiteko, gehienez ere 1.000 pertsona, baina Mendi Festaren antolakuntzatik uste dugu nahikoa dela 300 inskripzio baino ez eskaintzea, probaren garapena hobeto kudeatzeko," adierazi dute sare sozialen bitartez.

Ondorioz, Ttipi-Ttapa ibilbidea eta 16 urtetik beherakoen parte-hartzea bertan behera geratuko dira. Kirol elkarteko kideak Ttipi-Ttapa ibilbidean izena ematen duten herritarrekin harremanetan jarriko dira dirua itzuli edo, heldua izanez gero, ibilbidez aldatzeko.

Proba luze eta laburretako izena ematea indarrean darrai kirolprobak orrialdean.