BABESTUTAKO EDUKIA

Euskara ikasi, berme guztiekin

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 4a, 16:00
2020-2021 ikasturtea prestatzen buru-belarri aritu dira eskualdeko euskaltegiak hilabeteotan.

Buruntzaldeko udalek euskaltegietako matrikulak ordaintzeko diru laguntzak ematen dituzte, euskara ikastea bultzatzeko. Eskaintza zabala dago eskualdean: zortzi euskaltegi daude. Buru-belarri aritu dira lanean guztiak, eta ikasturte berriari ekiteko prest daude.

Buruntzaldea eskualdeko euskaltegiak jo eta ke lanean aritu dira 2020-2021 ikasturteko eskaintza prestatzeko. COVID-19aren pandemiak erabat aldatu du zentro horien egunerokoa: aurrez aurre egiten ziren saioak eta tutoretzak, online; gelak egokitu beharra, osasun eta higiene neurriak... Beharrezko osasun-neurriak hartu eta eskaintza zabala prestatuta,  euskaltegiak ikasleei erakutsi eta laguntzeko prest daude. Gainera, beste abantaila bat ere edukiko dute ikasleek: matrikulazioak bultzatzea da eskualdeko udalen helburua, eta, horretarako, diru laguntza sortak eskaintzen dituzte; bateragarriak izan daitezke HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak ematen dituenarekin. Hortaz, eskualdeko herritarrei ia doan eta zenbait kasutan doan atera dakieke ikastaroa. Euskaraz ikasiko dute, berme guztiekin.

Aurreko ikasturteetan euren buruei jarritako helburua lortu dute Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek: 1.000 ikasleen langa gainditzea. 2018-2019 kurtsoko datuen arabera, 1.043 herritar aritu ziren euskaraz ikasten eskualdeko euskaltegiren batean. 2019-2020 ikasturteko matrikulazioen behin betiko kopuruak irail amaieran jakingo dituzte euskara zerbitzuek.  

Zortzi euskaltegi daude guztira eskualdean. Bina Lasarte-Orian eta Hernanin, eta bana Urnietan, Hernanin, Andoainen eta Usurbilen.

Buruntzaldea osoko eskaintza aintzat hartuta, non aukeratua badago. Astean lau egunez gehienez, goizetik ilutzera arteko ordutegietan, zortzi euskaltegi horietan bakoitzaren beharren araberako ikastaroak ematen dituzte. Hasteko, maila aldetik; A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 egiteko aukera dago. Nork bere kabuz autoikaskuntzan ikasteko abagunea ere badu. Tutoretzak, programazio pertsonalizatuak eta mintza-saioak eskaintzen ditu ikastaro mota horrek.

Mintzalagun, Gurasolagun, Zilegi Eskola... Eskolez gain, beste alderdi praktikoagoa ere eskaintzen dute euskaltegiek, ikasitako guztia praktikan jartzeko eta mintzamena lantzeko. Beste ekintza osagarri batzuk ere eskaintzen dituzte euskaltegiek, hala nola, irteerak, txangoak...

Udalen laguntza

Buruntzaldeko udalek ematen dituzte diru laguntzak euskara ikasteagatik –eskuin aldeko taulan kontsulta daitezke–. Bakoitzak bere baldintza propioak ditu, baina badira ezaugarri komun batzuk. Esaterako, gutxieneko asistentzia bete behar da, eta erroldatuta egon behar da herrian bertan. Langabetuei are laguntza handiagoak ematen dizkiete; %100 kasu batzuetan, 500 eta 600 eurora arteko mugapean.

Horrez gain, HABEk ere diru laguntzak ematen ditu.  2020. urtean 3.150.000 eurokoak, Ondokoak dira baldintzak: batetik, 2019ko martxoaren 25etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian euskaltegi edo euskararen zentro homologatu batean matrikulatuta egon izana; bestetik, 2019-2020 ikasturtean HABEren maila bat edo baliokideren bat egiaztatzea. 2020ko irailaren 4tik urriaren 9ra eska daitezke laguntza horiek.

Buru-belarri lanean

Eskualdeko euskaltegiek herritarrak animatzen dituzte 2020-2021 ikasturtean matrikulatzera. Hernaniko Udal Euskaltegiak egokitzapen lan handia egin du hilabete hauetan: presentzialak ziren saio guztiak online, eskola orduak eta ikasleen egoera errespetatuz; osasun eta higiene neurriak ikasgeletan ezarri; eta beste hainbat. "Eskertu nahi dugu Hernaniko Udalak eman digun laguntza, oso ongi erantzun die gure eskaerei hilabeteotan", azpimarratu du Gurutze Salaberria zuzendariak. Pandemiaren egoera zeinahi dela ere, prest daude. Hiru aukera aurreikusi dituzte ikasturte berrirako: presentzialak diren saio guztiak online; erdiak fisikoki eta erdiak Internet bidez; edo %100ean etxetik, telematikoki.

Lasarte-Oriako Muntteri-AEK euskaltegiko langileek ere lan ikaragarria egin dute COVID-19aren pandemiak eragindako ezohiko egoerara moldatu eta hastear den ikasturtea prestatzeko. "Ez dugu ezer gertatu ez balitz bezala jokatuko, beharrezko neurri guztiak hartu baititugu; herritarrei esan nahi diegu animatzeko euskara ikastera eta ez izateko matrikulatzeko beldurrik".

"Ikasleak gurekin ikastera animatzen ditugu, ez dezatela beldurrik izan"

 

Udala Baldintzak eta diru laguntzak
Andoain

Baldintzak: Andoainen erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.

Laguntzak: matrikularen 85 ikasle guztiei; familia ugariko edo errenta txikikoei, %100. Autoikaskuntza, %100. 664 eurora arteko muga.
Astigarraga

Baldintzak: Astigarragan erroldatuta egotea. Asistentzia minimoa: %85.

Laguntzak: Matrikularen %75 guztiei, 600 euroko mugarekin.Familia ugarikoei, errenta txikikoei, eta abar: matrikularen %100.

Hernani

Baldintzak: Hernanin erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.

Laguntzak: Matrikularen %70. Langabeei, %90. 500 euroko muga. Finantzazio aukera desberdinak.

Lasarte-Oria

Baldintzak: Lasarte-Orian erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.

Laguntzak: ohiko diru laguntza, matrikularen %85.
Urnieta

Baldintzak: Urnietan erroldatuta egotea. Asistentzia minimoa %80.

Laguntzak: matrikularen %85, 600 euroko mugarekin. Langabeei, matrikularen %100.
Usurbil

Baldintzak: Gutxieneko asistentzia: %80.

Laguntzak: guztiei, matrikularen %100. 600 eurora arteko muga.