Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak koronabirusaren hedapenari buruzko datuak eguneratu ditu eguerdian argitaratutako prentsa ohar baten bidez. Atzo 608 kutsatu berri hauteman zituzten, bezperan baino 137 gutxiago, baina egindako PCR proben kopurua ere txikiagoa izan zen. Ostiralean, 9.826 gauzatu zituzten, atzo, berriz, 7.218.
Asteburuetan ez dituzten datuak herriz herri banatzen, bai, ordea, lurraldeka. Positibo horietako 188 Gipuzkoan atzeman dituzte, 324, Bizkaian; 94, Araban; eta bi EAEtik kanpo bizi diren pertsonak dira.
Erkidegoko ospitaleen egoerari dagokionez, 36 pertsona ospitaleratu ziren atzo COVIDaren ondorioz, eta kutsatutako 47 pertsona daude Zaintza Intentsiboko Unitateetan.
Bilakaeraren txostena
Eguneko datuez gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak epidemiaren bigarren olatua delakoak duen bilakaera aztertzeko txosten bat ere argitaratu dute. Uztailaren 6tik irailaren 3ra bitarteko datuak kontuan hartuta, EAEn 332.991 PCR proba egin dituzte, eta 19.158 kasu positibo antzeman. Tarte horretan, koronabirusak eragindako 96 pertsona hil dira, nahiz eta arduradunek zehaztu dutenez, "hildakoak hil aurreko azken bi hilabeteetan infekzioa zuten pertsonak dira, eta horien heriotzaren arrazoi zuzenak, beraz, ez du zertan COVIDa izan"
Lasarte-Orian, kasu, azken 14 egunetan 107 positibo hauteman dituzte. Alegia, 100.000 biztanleko inzidentzia 568,39 da. Txosten horren arabera, hiru lurraldeetan behera egin du birusaren intzidentziak azken astean. Hiru hiriburuetan egoera egonkortu bada ere, beste udalerri batzuetan gora egiten jarraitzen du. Halaber, positiboen ehunekoak ere behera egin du azken egunotan, egindako proben % 6,6 izan dira.