Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak koronabirusaren hedapenaren datu epidemiologikoak eguneratu ditu gaurko txostenean. Horren arabera, Lasarte-Orian bederatzi kasu positibo atzeman zituzten atzo. Hortaz, 28 dira irailean erregistratutako lasarte-oriatar kutsatuak; azken astea kontutan hartuta, berriz, 43.
Herrikoez gain, Beterri-Buruntza eskualdean ere gehitu dituzte kutsatu berriak: Astigarragan, hiru; Andoainen, bat; Hernanin, zortzi; eta Urnietan, bost.
EAEn ere kopuruak gora egin du, 705 kasu zeuden atzo, bezperan baino ehun gehiago, ia 700 PCR proba gehiago eginda, orotara, 9.841. Lurraldeka, Gipuzkoan, 217; Bizkaian, 357; Araban, 122; eta bederatzi, beste erkidegoetakoak. Ospitaleratzeek gora egin dute: 47 pertsona ingresatu zituzten atzo, eta 253 paziente daude guztira. Horietatik 48, ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan daude, asteazkenean baino bat gehiago.