Buruntzazpi txirrindularitza eskolako gazteak errepideko denboraldian aurrera doaz. Abuztuan hainbat lasterketetan parte hartu zuten eta hianbatetan lehen hamarren artean igaro zuten helmuga. Haimar Etxeberria, esate baterako, abuztuaren 14an jokatu zen Euskadiko txapelketan podiumeko hirugarren mailan egon zen.
Emaitza hauei esker, Etxeberriak berak, Beñat Carbayeda eta Asier Pozo txirrindulariek Euskadiko selekzioaren deia jaso dute eta gaurtik igandera bitartean, junior mailako Errepideko Espainiako txapelketan lehiatuko dira Buruntzazpi hiru kideak. Mallorcako, Balear Uharteak, Llucmajor herrian junior mailako txapelketaz gain, master mailako lehiaz gozatu ahalko dute hiru gazteek.
Probak
Guztia ondo bidean, gaur, irailaren 4arekin, erlojupeko probek emango diote hasiera asteburuari eta Buruntzazpi eskolak ordezkaria izango du, Carbayeda. Llucmajor herrian hasi eta amaitzen den 21,6 kilometrotako ibilbidea egingo du herritarrak.
Igandean, berriz, lerroko proba izango da eta Buruntzazpi eskolako hiru kideak irteera puntuan izango dira haien onena emateko. 33 kilometro luzera eta perfil aldapatsua duen zirkuitu bati lau bira eman beharko diete gazteek.