Herriko komertzioa sustatzeko ahalegin nekaezina

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 7a, 13:56

Herriko komertzioa hauspotzeko etengabeko lana egiten du Aterpea Merkatarien Elkarteak. Udazken Festa abiatuko dute gaur; 3.500 euro banatuko dituzte, bezeroen artean.

Gaurtik aurrera bigarren egitasmo bat ere abiatuko merkatarien elkarteak: Udazkeneko Festa. Ostegun eguerdian aurkeztu dute, Aterpeako merkatariek, prentsaurrean.

Hilaren 7tik 19ra iraungo du egitasmoak, eta bi zatitan banatu dute. Alde batetik, 3.500 euro banatuko dituzte, epe horretan kanpainan parte hartuko duten establezimenduetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean. Izena emateko papertxoak banatuko dizkiete, horiek bete eta erosketa-bonuen zozketan parte hartuko dute. Irailaren 23an egingo du Aterpeak zozketa, eta, guztira, hamabi saritan banatuko dituzte 3.500 euroak: 500 euroko bi erosketa-bonu eta 250 euroko hamar. Erosketa bonu horiek erabiltzeko baldintza bakarra Aterpeako establezimenduetan gastatzea izango da.

Kanpainaren bigarren zatian, umeak izango dira protagonista nagusiak. Udaberri Festan egin asmo zuten jarduera hau, baina koronabirusak eragindako egoera medio, udazkenekora atzeratu dute.

Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri-Garaikoetxeako 6 eta 12 urte arteko 600 bat umek, udan egin dutena marraztu beharko dute, eta, ondoren, lan horiek Aterpeako establezimenduetako erakusleihoetan jarriko dituzte ikusgai. Horrela, haur bakoitzak bere marrazkia bilatu beharko du, eta topatzen duen establezimenduak, saritxo bat emango dio parte hartzea eskertzeko.

Udazken Festaren helburuak herriko komertzioak sustatzea eta etxeko txikienek herriko komertzioa ezagutzea dira.