Arraunaren zaletuak denboraldiko proba erreginaren zain daude. Irailaren 6an eta 13an, Kontxako bandera jokatuko da, Donostian. Aurten, ordea, etxetik gozatu beharko dute lehiaz.
Bien bitartean, aho bizarra kentzeko, Donostiako traineruekin batera bi jardunaldi berezi horietan parte hartuko duten hamalau eskifaiak erabakitzeko 36 ontzik sailkapen probak jokatuko dituzte.
Donostiako portuan 40 traineru espero ziren arren, Deusto, Arkote eta Larrun Kosta klubeko bi eskifaiak, bai emakumezkoa, baita gizonezkoa ere, ezin izan dira Donostiara bidaiatu euren taldean COVID-19ko kasuak izateagatik edo emaitzen zain egoteagatik.
Aiora Belartieta herritarra kide duen Donostia Arraun Lagunak trainerua ere lehiaketatik kanpo geratzear izan da. Abuztu amaieran bigarren positibo bat egon da taldean eta irailaren 1era arte berrogeialdian egon da taldea. Baina atzo uretara atera, Kontxako badiaz kanpo zegoen haizeari aurre egin eta ezbehar guztiak astindu zituzten iganderako sailkapena lortuta. Hirugarren izan ziren Orio eta Tolosaldearen atzetik.
Igandean, lehen txandan lehiatuko da Donostiako Arraun Lagunak Tolosaldea, San Juan Igartza eta Hondarribirekin batera. Talde guztien buruan bandera eskuratzea dagon arren, Euskotren Ligan garaiezin izan zen Orio izango da bigarren txandan lehiatzen.
Gaizka Ormazabal herritarrak, berriz, gaur, 17:30etik aurrera lehiatuko da Hibaika Susperregirekin.

Ikuslerik ez bertan
Kontxako Banderaren edizio hau berezia izango da, ikusleek ezin baitute estropada eremura gerturatu. Aurkezpenean antolatzaileek aurreratu bezala, COVID-19ak eragindako osasun egoeraren ondorioz, jenderik gabe eta segurtasun neurri handienekin egingo da.
Sailkapen jardunaldiak dira horren erakusle. Pasealeku Berria, Urgull mendia, Portua eta Mari kalea itxi dituzte baimenik ez zuten pertsonentzako eta Santa Klara Uharteko zerbitzua ere eten dute.
Honez gain, ikusleek ezin izan dute Alderdi Eder eta Udaletxetik hondartzara sartzeko lehen arrapalara bitartean dagoen baranda ondoan gelditu eta akreditatutako pertsonen sarbideak kontrolatzeko jarri diren azpiegituraren inguruak “gune dinamikotzat” hartu dira, beraz, hauen inguruan jendea ezin da geldirik egon.
Itsasoan ere murrizketak ezarri dituzte bi jardunaldi nagusiei begira. Badiaren barruan ainguratze edo amarratzerik ez dutenei ez zaie sartzen utziko. Ontziek kanpoko balizetatik estropada jarraitu ahal izango dute baina azken txandaren ondoren ontziek ezingo dute traineruen jarraipen tradizionala egin.
Neurri hauek guztiak direla eta, antolatzaileek zaleei proba etxetik jarraitu dezaten eta Donostiara ez gerturatzeko deia egin dute.
Ligak amaituta
Kontxako lehia alde batera utzita, Lasarte-Oriako arraunlarien bi eskifaiek denboraldia amaitu eta maila mantenduko dute.
Belartieta kide duen Donostia Arraun Lagunak taldeak COVID-19aren enbata jaso arren, Euskotren Ligako hirugarren postuan amaitu du.
Abuztuaren 15ean eta 16an jokatu zituzten azken jardunaldiak Zarautzen eta bertan eskuratutako puntuek jaitsiera jokatzeko postutik urrundu eta hurrengo denboraldian maila gorenean jarraitzeko lasaitasuna eman zion Donostiako eskifaiari.
KAE2 mailan, berriz, Hibaika Susperregik zortzigarren amaitu du denboraldia.
Lehengo asteburuan, abuztuaren 29an eta 30ean, Castro Urdialesen, Kantabria eman zioten agurra aurtengo ligari.
Bi jardunaldietan bigarren txandan lehiatu zen Gaizka Ormazabal herritarra kide duen eskifaia. Larunbateko proban zazpigarren postuan amaitu zuen lehia Errenteriako taldeak; igandean, ordea, ezin izan zuen bere postua hobetu eta zortzigarren izan ziren.