COVID-19

Zazpi positibo berri atzeman dituzte Lasarte-Orian azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 3a, 13:24

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak irailaren 2ko datu epidemiologikoak jaso ditu txosten batean. Horren arabera, Lasarte-Orian zazpi kasu positibo erregistratu dituzte azken 24 orduetan. Iraileko aurreneko bi egunetan hemeretzi detektatu dituzte. EAEn kutsatzeek gora egin dute, 605 kasu, eta bezperan baino PCR proba gehiago egin dituzte, 9.145. 

Osasun Sailak jakinarazi duenez, Lasarte-Orian zazpi kasu positibo erregistratu dituzte azken 24 orduetan. Abuztuan hasitako gorakadak ez du etenik izan irailean, oraingoz: aurreneko bi egunetan hemeretzi kutsatze detektatu dituzte. Udalak asteon jakinarazi duenez, PCR proba egin nahi duten herritarrak Mercero gunera joan daitezke, Okendo plaza ondora. Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan ere atzeman dituzte kasu gehiago. Hernanin, adibidez, 26: bertako adinekoen egoitzan kutsatutako egoiliarrarekin harreman zuzena izan zuten pertsonak dira. Andoainen lau kasuren berri eman dute, eta bi kasuren berri Astigarragan.

EAEko datuak

Erkidegoko hiru lurralde historikoetan atzemandako 605 kasuetatik 360 Bizkaian erregistratu dituzte, erdia baino gehiago. Gipuzkoan, 165, eta 53 Araban. Bezperan baino PCR proba gehiago egin dituzte, 9.145. Ospitaleratzeek gora egin dute: 56 pertsona ingresatu zituzten atzo, eta 259 paziente daude guztira. Horietatik 47, ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan. 

Ondoko taula honetan irailaren 2ko kasuak kontsulta ditzakezue, adin-tarteka: