COVID-19aren agerraldiak eraginda, Emakumeen Zentro Zibikoa itxi zen martxoan eta berriro ere, martxan da. Ikasturte berriko eskaintza aurkeztu du gaur.
Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak garrantzia eman dio gune hori ikasturte berrian martxan jartzeari, "gizarteratzea eta emakumeen ahalduntzea ahalbidetzen duen gunea da".
Ikasturte hau berezia izango da, ordea. Zentroko jarduna eta edukierak egoerara egokitu behar izan baitituzte.
Ikastaroek 6 eta 9 pertsona arteko edukiera izan ahalko dute gelaren arabera.
Saio bakoitza amaitzean gela desinfektatuko eta aireztatuko da. Komunak itxita egongo dira eta teknikariei eskatuta bakarrik erabili ahalko dira eta ezingo da gune komunetan egon.
Erabiltzaileek ere neurri batzuk jarraitu beharko dituzte, hala nola, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da eta erabiltzaileek zentrotik sartu eta ateratzerakoan eskuak desinfektatu beharko dituzte.
Zentroko materialik ezingo da ukitu, salbuespen izango dira jantzi-konponketa eta patroiak ikastaroko materialak. Hori dela eta, erabiltzaileek materiala eraman beharko dutela eta ezin dutela partekatu azpimarratu du Maite Iglesias zentroko teknikariak. "Jantzi-konponketa eta patroiak ikastaroko materiala, hau da, plantxa eta joste-makinak erabilera bakoitzaren ostean desinfektatuko dira," zehaztu du.
Erabiltzaileren batek COVID-19aren sintomak edo sintomak dituen pertsonaren batekin harremana izanez gero, zentrora deitu beharko du dagokion protokoloa martxan jartzeko eta ezingo da ikastarora joan dagokion berrogeialdia igaro arte.
Izena ematea
Emakumeen Zentroko eskaintzan ordea, ez da berrikuntzarik izango. Iglesiasek azaldu moduan, "iazko ikasturtean amaitu ezin izan genituen ikastaroak antolatu ditugu. Nahiz eta ikasturtea talde batzuekin Zoom plataforma bidez amaitu, erabiltzaile guztiei ikastaroarekin jarraitzeko aukera eman nahi izan diegu".
Ikastaroen izena emate epea irailaren 7an ireki eta 9an itxiko dute. Goizeko 9:30etik 13:00etara eta 15:30etik 19:30era egin ahalko da inskripzioa zentroan.
Jardueraren batean izena emate kopurua plazak baino handiagoa bada plazak esleitzeko zozketa egingo da, irailaren 11n, 12:00etan. "Urtero egiten da zozketa hori, baina aurten edukiera murrizketak direla eta, ohikoa baino jende gehiago kanpoan geratuko da," ohartarazi du zentroko teknikariak.