Furundarena eta Rekondo, Euskadiko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2020ko irailaren 3a

Rekondo, Furundarena eta Igarriz, Euskadiko txapelketan. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Ostadar SKTko atletek aire zabaleko txapelketen denboraldiari hasiera eman zioten abuztuaren 29an, Euskadiko txapelketan. Emaitza onak lortu zituzten, bi urrezko domin eta zilarrezko bat

Naroa Furundarena, Maider Rekondo eta Ohiana Igarriz izan ziren Ostadar SKTko ordezkariak Erkidegoko txapelketan eta Furundarena eta Rekondo artean banatu zituzten Euskadiko txapeldun titulu eta garaikurrak.

Furundarena izan zen lehena parte hartzen eta baleko bi jauzi bakarrik egin zituen herritarrak urrezko domina janzteko. Lehenean 5,35 metroetara iritsi zen; bigarrenean, berriz, 5,56 metroetara egin zuen hegan Euskadiko txapela eskuratzeko.

Bien bitartean, Rekondok eta Igarrizek pisu-jaurtiketako probari egin zioten aurre. Hasierako jaurtiketatik nagusi izan zen Rekondo herritarra proban eta finaleko bosgarren jaurtiketari esker, 12,07 m., lortu zuen urrezko domina.

Igarrizek, berriz, laugarren postuan amaitu zuen lehia. Bederatzi metroak igaro zituen lehen bi jaurtiketetan eta hirugarrenean, 10,09 metrotara bidali zuen 4 kilotako bola.

Arratsaldeko saioa disko-jaurtiketako probarekin hasi zuten Rekondo eta Igarrizek.

Rekondoren lehen jaurtiketa ona ez izan arren, 29,88 m., bigarrenean 30 metroko langa ederki gainditu zuen herritarrak. Diskoa 36,68 metroetara bidali eta probako lehen postuan jarri zen. 

Atletico San Sebastian taldeko Andrea Martinezek, ordea, ez zuen amore eman eta urrezko domina emango zion 37,53 metroko marka egin zuen hirugarren saiakeran. Rekondok urrezko domina eskuratzeko ahaleginak egin zituen geratzen zitzaizkion jaurtiketetan. Nahiz eta diskoa 30 metrotik gora bidali, ezin izan zuen arerioaren marka hobetu.

Igarrizek ere bigarren jaurtiketan lortu zuen txapelketako bere markarik onena, 30,91 m. eta sailkapeneko bosgarren izan zen.

Jauzi hirukoitzeko proba izan zen Naroa Furundarenak egin zuen azkena eta laugarren postuan amaitu zuen lehia. Jauzi hirukoitzaren antzera, baleko bi saiaketa bakarrik egin zituen gazteak, 11,96 m. eta 11,88 m. eta ezin izan zuen dominen atea ireki ahalko zizkion 12 metroko langa igaro.

Eguraldiaren eragina

Ostadar SKTko atletak larrialdi egoerako lehen fasean hasi ziren lanean eta txapelketa honen aurretik, ez dute jarduteko aukera askorik izan. Markak hobetzeko bi proba izan dituzte bata uztailaren 30ean eta bestea abuztuaren 6an. 

Hilabete hauetan atletek izandako garapena ikusirik, marka hobeagoak egitea espero zituzten arren, saileko arduradunak pozarren daude atletek lortutako emaitzekin. Oscar Goikoetxea entrenatzaileak azpimarratu moduan, eguraldiak eragin handia izan du lehiaketan. "Eguraldi txarrak atleten jardunean eragin du eta ezin izan dituzte markak hobetu".  

Irailaren 12an eta 13an jokatuko den Espainiako txapelketeta helburu dute Ostadarreko arduradunek, baina Espainiako federazioak gutxieneko markak zorroztu ditu eta ez dakite parte hartzerik izango duten. 

"Naroa Furundarenak eta Maider Rekondok dute aukera Espainiako txapelketan parte hartzeko, baina estatuko hamabi hoberenak bakarrik egongo dira lehiaketan. Marka berriekin, Naroa Furundarenak ez du jauzi hirukoitzeko proban lehiatzeko markarik. Zain egon beharko gara," jakinarazi du Ostadar SKTko prestatzaileak.