Bilboko Bizkaian pilotalekuan abuztuaren 28an bildu ziren pilotazaleek jaialdi ederra ikusteko aukera izan zuten. Masters Caixabank lehiaketako partida nagusian, Olaizola II.ak eta Zabaletak Altuna IIa eta Imaz garaitu zituzten, 18-21 galtzen egon ostean.
Aurretik ere lehia gogorraz gozatu zuten. Arteaga IIa herritarrak eta Ibai Zabalak Egiguren V.a eta Erostarbe izan zituzten aurre.
Lasarte-Oriako aurrelariak ederki hasi zuen partida lehen tantoa eginez. Egiguren eta Erostarberen erasoari aurre egin behar izan zion ostean bikote gorriak eta ederki erantzun zuen.
Bikoteek markagailuan aurre hartzeko ahaleginak egin zituzten eta tantoak banatzen joan ziren.
Partida gorri izango zela zirudien hamahiruna berdindu zutenera arte. Orduan bikote urdinak hiru tanto jarraian egin zituen. Arteaga II.a eta Zabalak tartea murrizten saiatu zirenen eta 14-16koa lortu zuten.
Hala ere, Egiguren eta Erostarbe bikoteak bere abantaila mantentzen jakin zuen eta Arteaga II.aren akats batek eman zion garaipena bikote urdinari, 19-22.
Kontratu berritzea
COVID-19ak eraginda Baiko Pilota enpresak pilotari taldea murrizten ari da. Taldearen moldaketa honek, ordea, ez dio Axier Arteaga herritarrari eragin. Enpresak pilotari lasarteoriatarraren aldeko apustua berretsi eta abuztuaren erdialdean, Axier Arteagak kontratua berritu du.
Arteaga II.ak 2016 urtean egin zuen debuta Tolosako Beotibar pilotalekuan eta kontratu berri honi esker, 2022 urtera arte egongo da Baiko Pilota enpresan.