Pandemiak gizarteari eragindako gorabeherak pairatu dituzte arraun munduko kideek ere. Arraun Lagunak taldeak, zer esanik ez: kideetako batek positibo eman izanagatik bitan egin behar izan dute berrogeialdia, Euskotren ligako zenbait jardunaldi jokatzeari utzita. Dena dela, gaur arratsaldean Kontxako Banderako sailkatze estropada jokatuko dute, jokoan dauden zazpi txarteletako bat eskuratzeko irrikaz. Aiora Belartieta lasarte-oriatar gaztea da Lugañene traineruaren kideetako bat.
Hamahiru traineru lehiatuko dira Kontxako uretan, bi multzotan banatuta. A multzoan dago Arraun Lagunak, beste talde hauekin batera: Orio, Hondarribia, San Juan, Hibaika, Tolosaldea eta Zumaia. B multzoa, berriz, hauek osatzen dute: Cabo, Chapela, Isuntza, Lutxana, Ondarroa eta Tiran. Ezin izango dute arraun egin Deustuk eta Lapurdik, taldean positiboak egon direlako eta arraunlariak etxean konfinatuta daudelako.
17:30ean hasiko da sailkatze estropada berezia, zalerik gabe jokatuko baita. ETB1 kateak zuzenean eskainiko du kirol ekitaldi hori.
Biharko sailkatze estropada ere 17:30ean hasiko da. 25 traineruk parte hartuko dute, Gaizka Ormazabal lasarte-oriatarra kide den Hibaika tartean.