Aldaketa batzuen berri eman du Udal Kirol Zerbitzuak ohar bidez. Esate baterako, herritarrek aukera dute erabili daitezkeen guneak presentzialki ere erreserbatzeko, Maialen Chourraut kiroldegian zein Michelin kirol-gunean. Bertara joaterakoan segurtasun eta osasun neurriak errespetatu beharko dituzte, eta, pertsona ugari egonez gero, kirol saioa egitera doazen erabiltzaileei lehentasuna eman. 943 37 61 82 telefono zenbakira deituta ere egin dezakete tramitea; instalazioak ekain hasieran berrireki zituztenetik, hori izan da modua orain arte.
Lasarte-oriatarrek erabil ditzaketen guneak hauek dira: igerilekua, gimnasioa eta padel zein squash pistak kiroldegian; eta frontoia, tenis pistak eta rokodromoa kirol gunean.
Neguko ordutegia instalazioetan
Irailaren 1ean aldatu egin zituen instalazioen orduak Udal Kirol Zerbitzuak. Maialen Chourraut kiroldegiko instalazio gehienak 07:00etatik 22:30era irekiko dituzte astegunetan. Igerilekua, berriz, 07:00etatik 12:30era eta 14:00etatik 21:30era. Sauna ere erabili ahalko dute bazkideek, 09:00etatik 12:30era eta 15:00etatik 21:00etara, beti ere zerbitzu hori aurrez eskatuta –erabili baino ordubete lehenago, gutxienez–.
Asteburuetako ordutegiak ez dira berdinak izango. Larunbatetan, kiroldegiko instalazio gehienak 09:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik; igerilekua, berriz, 09:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara. Igandeetan, 09:00etatik 13:00era horiek denak. Sauna ez dute irekiko ez larunbatean ez igandean.
Michelingo kirol-gunea 15:30etik 22:30era irekiko dute astegunetan. Larunbatetan, 09:00etatik 20:00etara eta goizez igandeetan, 09:00etatik 13:00era.
Abonamenduen itzulketa
Aurreko ikasturtea amaitu aurretik iragarri bezala, pandemiagatik etenda geratu ziren ikastaroen eta abonuen kuota proportzionalak itzultzen hasi da Udal Kirol Zerbitzua. Banku-transferentzia bidez ari direnez, onuradunen datuak behar dituzte. Azaldu dutenez, ez dauzkate guztienak eskura. "600 pertsona baino gehiagorenak falta zaizkigu". Zerbitzuko langileek eskatu diete "lehenbailehen" bidaltzea datu horiek, e-mail bidez ahal bada, kirolak@lasarte-oria.eus helbidera. Tramite hori telematikoki egin ezin dutenek 943 37 61 82 telefonora deitu beharko dute, zerbitzuarekin adosteko datu horiek nola eman.
Horren inguruko edo beste gairen bati buruz galdetzeko, arreta bulegora ere joan daitezke. Ordutegia hau da:
- Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00era.
- Asteazken arratsaldeetan ere zabalik dago, 17:00etatik 19:00etara.
Zalantzak argitzeaz gain, 2020-2021 ikasturteko ikastaroetan izena ematera ere bulegora joan beharko dute interesa duten herritarrek.