Abuztuan nabarmen igo dira kasuak Euskal Herri osoan, eta baita Lasarte-Orian ere: urteko zortzigarren hilabeteko 31 egunetan, 113 kasu positibo, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren datuen arabera. Martxo erdialdetik uztail amaierara arte atzemandako kasuen bikoitza baino zertxobait gehiago erregistratu dira gurean bukatu berri den hilabetean.
Irailari albiste hobe batekin ekin diogu, ordea: abuztuaren 31n ez da positibo berririk erregistratu Lasarte-Orian. Hilaren 23tik ez zen hori gertatzen. Pasa den asteko ostegunean detektatu ziren gehien, hemeretzi. Bezperan, hamabi, eta hamahiru 25ean. Datu gehiago: abuztuaren 22tik 27ra 61 kasu erregistratu zituzten gurean. Martxo erdialdetik uztail amaierara, 56.
Abuztuko lehenengo egunetako joera ikusita, ez zirudien geroko bilakaera horrelakoa izango zenik. Hilaren 6ra arte apenas detektatu zen kasu berririk gurean, Ama Brigitarren komentuko hamahiru mojetatik hamabik positibo eman zuten arte. Felix Garitano kapilaua ere kutsatu zen. Hurrengo egunetan PCR probak egitera deitu zituzten abuztu hasieran mezetara joan ziren fededunak, eta Osakidetzak jakinarazi zuen negatibo eman zutela guztiek. Abuztuaren 6tik 8ra hamasei kasuren berri eman zuen erakunde horrek.
Bigarren hamabostaldiko igoera
Abuztuaren 18tik aurrera erregistratu dituzte kasu gehien Lasarte-Orian. 23an eta 31n izan ezik, egunero-egunero igo zen zifra, abuztuaren 27an gaina jo zelarik, ostegunez, hemeretzi positiborekin. Abuztuko 113 kasu horietatik 89 detektatu zituzten hilaren 18tik aurrera. Bestela esanda, ia hamarretik zortzi –hilabete horretako kasu guztien %78,76–.
Pandemia lehertu eta Osasun Saila datu eguneratuen txostenak egiten hasi zenetik, abuztua izan da Lasarte-Orian kasu gehien erregistratu diren hilabetea, askogatik gainera. Hilabetez hilabeteko datuak grafika honetan ikus eta konpara ditzakezue:
Momentuz, eta datu ofizialen arabera beti ere, 169 pertsona kutsatu ditu koronabirusak gure herrian, azken bost hilabete eta erdietan.
Beterri-Buruntza eta EAEko datuak
Eusko Jaurlaritzaren txostenean ikus daitekeenez, eskualdeko herri gehienetan atzeman dituzte kasu positiboak abuztuaren 31n: lau Hernanin; bi Urnietan; eta bana Usurbil eta Andoainen. Astigarragan eta Lasarte-Orian zifra hori ez da igo.
EAEko datuak hauek dira: 445 positibo Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. 194, 146 eta 89, hurrenez hurren. 46 pertsona ospitaleratu dituzte 24 orduetan, eta guztira 249 daude ingresatuta, horietatik 33 ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan.