Partida galdu, beste guztia irabazi

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko uzt. 30a, 13:11
Reto Iberdrola ligara igotzetik urrats batera geratu badira ere, denboraldi aparta egin du Añorgak; irri egiteko motibo asko ditu taldeak. Argazkia: Añorga KKE.

Añorga KKEk ez du Reto Iberdrola ligan jokatuko datorren denboraldian. Hatz-mamiekin ukitu du igoera, baina ez da posible izan. UD Aldaia CF valentziarrak poltsikoratu du txartela, talde gipuzkoarrari 0-1 irabazita. Batzuk irabazle argazkian, eta galtzaile besteak. Hori da kirola, hori da futbola. Final bat, 90 minutu, garaile eta garaitu bana.

Datu hotzek hala diote. Hori da Madrilgo Las Rozas hirian jazo dena. Ados, baina, horrek zer esan nahi du, ezin dela gainontzeko guztia baloratu? Ezin dela minutu batez eseri, memoria ariketa bat egin, eta esperientzia ahaztezin horretan bizitakoa balioan jarri? Egia da Añorga ez dela kategoriaz igoko, baina egia da baita ere merezimendu osoz jokatu duela partida erabakigarria, 1. Nazional mailako 2. multzoko txapelduna izan baita. Sekulako denboraldia egin du taldeak, eta ginga jarri ez badio ere, gozatu ederra hartu du bidea zeharkatu bitartean. Eta asko ikasi du datorren sasoira bidean. Are indartsuago itzuliko da, gogo eta ilusio gehiagorekin, zaila bada ere. Galde diezaiotela bestela entrenatzaileari, Javi Solchagari: "Aste mordoa igaro ditugu ia-ia futbola geneukala bakarrik buruan, oso intentsoak izan dira, baina hurrengo sasoia hasteko irrikaz gaude; guregatik balitz, lehenbailehen". COVID-19a dela eta, zain daude, ez baitakite noiz ekingo dieten entrenamenduei berriro. "Esan digute agian Reto Iberdrolakoekin batera hasiko dugula liga, irailaren 27an, baina oraindik ez dakigu".

"Agian irailaren 27an has gaitezkeela esan digute, baina oraindik ez dakigu"

Aukerak bai, golik ez 

"Aldaiak lehen zati hobea jokatu zuen, azken hamabost minutuak batez ere, eta 0-1ekoa 44. minutuan sartu ziguten, atsedenaldira joatear geundenean; mina egin zigun horrek", gogoratu du Solchagak. Hala ere, Añorgak eduki zituen aukerak markagailua irekitzeko, baina ez zuen asmatu. Hidratatzeko tarteak eta etenaldia baliatu zuten gipuzkoarrek aspektu tekniko eta taktiko batzuk zuzentzeko, eta bigarren zatian indar betean zelairatu ziren. Aukera garbiak, jaurtiketa libreak, kornerrak... Baina, azkenean, ezin arerioaren atea zulatu. 0-1. Bukatu eta berehala, tristura, malkoak eta atsekabea. "Partida amaitu eta ordu erdira arte ez ginen egoerari buelta ematen hasi, eta, gainera, tartean, prentsaurrekora joan behar izan genuen bi jokalarik eta nik. Ez zen erraza izan". 

Ordutik aurrera, pixkanaka, beste ikuspuntu batetik aztertu zuten ordura arte egindako guztia. Prestaketa lanetan sartutako ordu eta egunak, bidaia, Madrilen pasatako orduak, partida hasi aurreko kontzentrazioa. "Ikaragarria izan zen autobusean bizitakoa, jokalariak ikaragarri kontzentratuta zeuden, isiltasuna entzun egiten zen". Autobus horretan pasatako orduek taldea "indartu" egin dutela uste du herritarrak, eta baita asteburu osoko esperientziek ere. 

Ikasgai baliotsua izango da datorren denboraldirako. "Jokalari guztiek jarraituko dute, eta guk, entrenatzaileok, ere bai". Bizkerre izan dute arerio nagusi aurten, eta badirudi 2020-2021 sasoian ere hala izango dela. "Fitxaketa ugari egin dituzte, maila altukoak; Realaren bigarren taldearen aurka ere jokatuko dugu". Horrek ez ditu añorgatarrak kikiltzen, ordea. "Guk ere talde oso sendoa daukagu, jokalari gazte ugari hasi dira gurekin aurten eta maila ederra eman dute, eta beteranoek ere bai. Datorren denboraldirako prest gaude". 

Ainara del Olmo eta Izaskun San Aniceto lasarte-oriatarrek berdegunetik bizitu dute sasoi berezi hau. Javi Solchaga, Julen Ormazabal, Asier Pavon eta Jon Presak berriz, kanpotik, entrenatzaile taldeko kide baitira, Jon Saldias donostiarrarekin batera. Baina badaude herritar gehiago Añorgaren arrakastaren atzean. "Nabarmendu nahiko nuke Alba Cruz nutrizionistak urte osoan zehar egin duen lana; elikadura eta hidratazioa ere oso inportanteak dira, jokalariek jarraitu dituzte Albaren jarraibideak eta hori nabaritu da zelaian", aitortu du Solchagak. "Jon Presak ere lan bikaina egin du entrenamenduak prestatzen", gehitu du. 25 jokalari ditu Añorgak, eta bakarrak min hartu du, belaunean. Lesio muskularrik ez dute izan asteotan.
Zelaian gehiegi nabaritu ez dena izan da azken bost hilabeteak pandemiagatik konpetitu gabe pasa dituztela finalak jokatu dituzten taldeek. Maila ona eskaini dute, eta partida denetan emozioak azken segundora arte iraun du. "Igo diren taldeek gol batengatik irabazi dituzte neurketak; oso paretsuak izan dira".

Pandemiagatik, bost hilabete pasa ditu konpetitu gabe Añorgak ere; maila ona eman du

Animoak eta ikusmina 

TXINTXARRI astearte arratsaldean elkartu da Javi Solchagarekin, eta solasean aritu bitartean makina bat herritar geratu dira berarekin hitz egitera; autoan zihoazen batzuek bozina ere jo dute agur egiteko. Ikusmina sortu du Añorgaren denboraldiak, eta ez zale, lagun eta senideen artean bakarrik. Solchagaren telefonoa jo eta jo aritu da asteotan, hainbat hedabide jarri baitira berarekin harremanetan, Añorgak aurretik zuen erronkaren berri emateko. "Argazkiak egitera ere etorri dira askotan, asko eskertzen dugu arreta; esperientzia berri bat izan da hau ere guretzat". Partida prestatzeko modua berria eta ezohikoa izan da baita ere: jokalariek egunero hartzen zuten gorputzeko tenperatura, ezin zuten materiala ukitu, bakoitzak bere ur botilatxotik edan beharra... Futbola "normaltasun berrian". Beraiek bizi izan dutenetik abiatuta, Solchagak dio ez duela batere argi ikusten denboraldi berria noiz hasi daitekeen: "Asteotan zelaian gu bakarrik aritu gara, baina normalean bi talderen artean partekatzen dugu, materiala guztiontzat da berdina... Egoera dagoen bezala egonda, asko atzeratu daiteke dena".

Entrenamenduei berriz ekiteko  irrikaz daude, baina oraingoz ezin dute. Aste hauek, deskonektatzeko aproposak izatez gain, balio dezakete azkenaldian –joan den asteburuan, bereziki– bizitako guztia gogoratu eta prozesatzeko.  Momentu tristeak, pozgarriak eta emozionanteak. Adibidez, entrenatzaile taldeak jokalariei prestatutako hamabost minutuko bideoa, argazki eta animo mezuekin. Neurketari are indar gehiagoz ekiteko bitamina ezin hobea. Bideo horretan agertzen ziren baita ere garai batean Añorgan jokatu eta gaur egun Realean ari direnak, Iraia Iparragirre herritarra tartean. Donostiarrak entrenatzen hasi dira honezkero; bigarren lan astea dute hau.