Alabaren erditze garaiak konfinamendu bete-betean harrapatu zuen Perez-Noreña familia. Apirilaren 7an betetzen zituen 40 aste haurdun Idoia Noreñak (Lasarte-Oria, 1989), eta azken hilabete eta erdia etxetik atera ezinik igaro behar izan zuen. Erditze aurreko prestaketak justu-justu amaitu zituzten itxialdia agindu baino lehen, baina prestaketa guztiak eginda izan arren, osasun larrialdiak "beldur eta ziurgabetasuna" eragin zituen beragan eta baita bere senar Felixengan (Tolosa, 1985) ere. "Askotan sentitu genuen ez zela unerik egokiena Laia alaba jaiotzeko, baina egun batetik besterako kontua zenez, birusari beldurrik izan gabe, pozik mantendu gintuen egoera nahasi guzti hartan".
Idoiak ere, Irati Iribarrek bezala, bikotearen falta sumatu zuen erditze aurreko azken kontsultetan, berak bakarrik sartu ahal izan erditze aurreko azken kontsultetan; aita, bitartean, itxaron gelan zain.
Ospitalean segurtasuna
Ospitalera, Laia alabaren erditzera iritsi zirenean, bertan zehaztutako segurtasun protokoloa jarraitu behar izan zuten. Berehala konturatu ziren, hartu beharreko neurriak ondo zehaztuta zeudela: "Koronabirusarekin kutsatutako pertsonentzako erditze eta ebakuntza gela isolatua prest zituzten, eta erditze ondorengo gelak, familia bakarrarentzat prestatu zituzten".
Laia jaio zenean, gurasoak elkarrekin zeuden, baina orduan ere sentitutako bakardade sentimendua oso gogoan dute: "Ospitalean egondako egunetan ezin izan gintuen inork bisitatu, eta hirurok bakarrik egotea polita izan den arren, sumatzen genuen gertukoen bisiten falta; pena ematen zigun Laia ezagutzeko aukerarik ez edukitzeak".
Ospitaleko egunak pasa, eta etxera iristean ere beste muga bat aurrez aurre: konfinamenduagatik kalera irteteko aukerarik ez. Jaioberriarekin 24 orduak egoteko aprobetxatu eta "zoriontsu" bizitu dute aldi hori ere. Noski, sumatu dute gertukoekin egoteko beharra, batez ere Felixek eta bere gurasoek. Ez dira Lasarte-Orian bizi, eta bilobak hilabete zuenean ezagutu ahal izan zuten aurrez aurre: "Konfinamenduak amaitu bitartean, bideo-deien bidez ezagutu dute gure gertukoek Laia. Alabaren jaiotzarekin batera ezinegon eta min guztiak desagertu zitzaizkigun arren, bizi dugun ziurgabetasun egoera ez diogu inori desio".