Ez zuten inola ere imajinatu Irati Iribarrek (Lasarte-Oria, 1991) eta Aitzol Agirrek (Usurbil, 1988) haurdunaldiaren bigarren hiruhilekoa etxean itxita bizitzea egokituko zitzaienik. Haurdunaldiaren hamabigarren astean zeuden konfinamendu agindua eman zutenean; inguruko askok ere haurdun zeudenik ez zekitenean sartu ziren etxean, eta Iribarren tripa hazita atera ziren lehen paseoak ematera. Zutik zura kontatzeko aukerarik gabe ere geratu ziren, eta sare sozialen bidez komunikatu behar izan zieten inguruko bati baino gehiagori: "Hoztasuna sentitu genuen; aurrez aurre konpartitu nahi genuen, baina egoerak aukera hori ere kendu zigun".
Haurdunaldiak aurrera egin ahala, familiarekin eta lagunekin partekatzeko gogoa ere bere horretan geratu zitzaien, gogoan, maiatzean paseoak emateko aukera eman zuten arte. "Gure gurasoek, adibidez, haurdunaldiaren bi hilabete galdu dituzte; bideo-deiekin konformatu behar izan dute".
Aurrez aurreko kontsultarik gabe
Konfinamendu agindua baino lehen, aurrez aurreko bi kontsulta izan zituzten, eta telefonoz jarraitu zuten gero hitzorduek: "Hiru minutuko kontsultak izan dira, hotzak, gertutasunik gabeak. Ezin izan didate tentsiorik neurtu, ezta pisurik ere, ezta ere ohiko aurrez aurreko kontsultetan neurtzen duten haurraren bihotz taupadarik entzun ere; dena ondo zegoela suposatu behar izan dugu eta guzti horrek ziurgabetasun handia sortu digu".
Haurdunaldian zehar, emaginek emandako gomendioak jarraitzeko ere nahiko lan izan ditu Iribarrek: "Paseatzea eta eguzkia hartzea aholkatzen dizute, baina nola egin dezakezu hori etxetik atera ezin duzunean? Itxialdian, etxeko pasilloan ibili naiz aurrera eta atzera, egunero".
Bikotearen egoera ere jarri nahi izan du mahai gainean. Azaldu du gaur-gaurkoz, haurraren aitak ezin izan duela kontsulta bakar batera ere sartu, eta ez duela zuzeneko ekografietan bada ere semea ezagutzeko aukerarik izan.
Egokitzea beste aukerarik ez
Egoerara ahalik eta ondoen moldatzea beste erremediorik ez dute izan, baina osasun larrialdiaren ondorio onuragarriak ere zerrendatu dituzte: "Guztia ez da txarra izan, haurdunak arrisku taldearen barruan sartu gintuztenez, baja eman zidaten lanean; horrela etxean erritmo lasaiago batean igaro ditut egunak, lanean aritzeak sortzen duen nekearen gainkargarik gabe". Otorduetan ere antzeman du aldea: "Lanera noanean, lanaldia amaituta bazkaltzen dut, jardun horrek markatzen ditu nire otorduak, eta orain, aldiz, gorputzak eskatu didanean jan dut".
Haurdunaldi prozesu berean egon den gertuko lagun bat izan du Iribarrek bidelagun hilabete hauetan, eta hori oso "baliagarria" izan zaio. Orain, erditze aurreko prestaketa saioetan –gehienak bideo deien bidez egindakoak– ari dira, baina hor ere, ohiko egoera batean ez bezala, gainerako familiak ezagutzeko aukerarik gabe.
Aurrez aurreko kontsultetara joateko aukerak bueltatu dira, baita guraso eta lagunekin haurdunaldia partekatzekoa ere. Arindu da itxialdiak sortutako ezinegona eta semearen etorrera prestatzea da eguneroko lana.