Urrezko Koparako hautagaiak ezagutzeko jardunaldia

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 30a, 11:00
Zaldiak lasterka bizian, Ayerdi bitxitegia sariako lehian. Arg.: Donostiako Hipodromoa.

Sari handien garaia Hipodromora iristear da. Uztailaren 26an, igandearekin, Cosmic Horizon eta Atty Persse zaldiek Urrezko Koparako hautagai direla erakutsi zuten, Biarritzeko Hipodromoa sarian. Gertaera historiko bat ere eman da: hiru probetan emakume hockeyak izan ziren garaile 

Zaldi lasterketen denboraldia hilabete erabakiorrean sartuko da. Urrezko kopa, Eusko Jaurlaritza saria, Donostiako udala saria... hainbat izango dira abuztuan eta irailean lehiatuko diren sariak. Uztailaren 26an, Urrezko Kopako txapeldungaiak ezagutzeko aukera ederra izan zen jokatu ziren bi probatan, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako Piztu Kultura saria eta Biarritzeko Hipodromoak saria.

Biarritzeko Hipodromoa saria eguneko bigarren proba izan zen. Kalitate handiko lasterketaz gozatu ahal izan zuten ikusleek eta Cosmic Horizon eta Atty Persse zaldiek Urrezko Koparako euren hautagaitza erakutsi zuten,

Bi zaldien arteko norgehiagoka helmugako zuzenean eman zen: Atty Perse aurrean zihoan eta atzetik pixkanaka joan zen Vaclav Janacekek gidatu eta G. Arizkorretak entrenatutako zaldia gerturatzen. Helmugan paretsu sartu eta fotofinishak erabaki behar izan zuen garailea, Cosmic Horizon.

Eguneko azken proban, berriz, Piztu Kultura sarian Urrezko Kopa lehiatu ahal duten hiru urteko zaldiek parte hartu zuten. Proba honetarako ohikoa ez den bezala, kalitate gutxiko lehia izan zen eta aurreikuspen guztiak hautsiz, Miloslava Hrubosovak gidatu eta G. Ariskorretak entrenatutako Turandot zaldiak lortu zuen garapeina nagusitasunez.

Tartean beste hiru proba ere izan ziren: Hipodromoa Turf saria, Ayerdi Bitxitegia eta Noticias de Gipuzkoa proba.

Hipodromoa Turf sariak eman zion hasiera jardunaldiari eta motorrak berotzeko proba ederra izan zen. Hipodromoan debuta egiten duten zaldi eta behorrek parte hartu zuten eta azken metroetan lehia handia ikusi zen. Atzetik etorritako Lone Peak zaldi frantsesak eraman zuen saria Cristina Buesa jockeya eta J. C. Cerqueira prestatzailearen pozerako.

Ayerdi bitxitegia saria izan zen eguneko hirugarren proba. Azken zuzenekoan, Lara Martinez gazteak gidatutako Monzalvos zaldiak aurre hartu zien arerioei eta ederki mantendu zuen lehen postua helmugaraino.

Arratsaldeko laugarren proban, Valenzuelak gidatutako Orri zaldia igo zen nagusitasunez Noticias de Gipuzkoa sariko podiumeko koska gorenera.

Emakumeak podiumean

Emaitzak aztertuta, Donostiako Hipodromoan ohikoa ez den gertaera jazo zen igandean, bost lasterketetatik hirutan jockey emakumeak izan ziren nagusi. 

Adituen arabera, Hipodromoan 2012. urtean izan zen azken aldia emaitza horiek ematen zirenak. Beraz, Cristina Buesak, Lara Martinezek eta Miloslava Hrubosovak orrialde berri bat gehitu diote Donostiako Hipodromoko historiari.

Lehia handiak

Arestian aipatu bezala, abuztuan eta irailean ez da aspertzeko astirik izango Hipodromoan eta lehia handiak espero dituzte zaletuek.

Denboraldiko proba nagusia, 52. Urrezko kopa, abuztuaren 15a, larunbatarekin jokatuko da, baina izango da besterik. Igande honetan, abuztuaren 2an, El Diario Vasco saria lehiatuko da; abuztuaren 21ean, PMC saria; Eusko Jaurlaritza Saria, abuztuaren 23an eta hiru egun geroago, abuztuaren 26an, Criterium Internacional saria Irailean bi jardunaldi izango dira: 2an, Grupo Carrus saria eta 6an, Donostia Saria.

Sarrerak aurrez erosi

Ez ohiko denboraldi honetan, pixkanaka normaltasun berrira moldatzen ari da Hipodromoa eta, besteak beste, uztailaren  asteburuetan zaletuek apostuak egiteko aukera izan dute.

Hala ere, edukiera mugatu da oraindik eta Hipodromoan 1.000 pertsona bakarrik sar daitezke. Osasun neurriak kontuan hartuta, jardunaldietako sarrerak ticketmaster.es orrialdean daude eskuragarri eta bertan saltzen ez direnak, egunean bertan leihatilan erosi ahalko dira.