Arraun Ligako etena, indarrak berreskuratzeko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 30a, 10:00
Hibaika Susperregi trainerua uztailaren 19an Getarian jokatu zen proban. Arg.: Hibaika

Arrauneko Espainiako txapelketa jokatuko da asteburu honetan Pedreñan, Kantabria, eta arraun ligetako etena izango da. Azken asteetako gorabeherak alde batera uzteko ederki etorriko zaie Donostia Arraun Lagunak eta Hibaika Susperregi taldeko eskifaiei.

COVID-19aren agerraldi bat tarteko, Euskotren ligako azken hiru jardunaldiak etxean ikusi behar izan dituzte Aiora Belartieta herritarrak eta Donostia Arraun Lagunak elkarteko kideek. Uztailaren 26an, igandearekin, Osakidetzak arraunlari eta teknikoei egindako PCR probek negatibo eman zutela jakin arazi zuen elkarteak. Astelehenean lanean hasi ziren hurrengo hitzorduak prestatzeko..

KAE2 mailan, ordea, jardunaldi bikoitza izan zuen Hibaika Susperregi traineruak.

Uztailaren 25ean, Mutrikuko Yurrita Group Bandera jokatu zen, Getarian. Gaizka Ormazabal kide duen eskifaiak Zarautz BabyAuto eta IRC Santoñarekin batera lehen txandan parte hartu zuen eta bere txandako denborarik onena egin zuen. Sailkapen orokorrean, berriz, zazpigarren izan zen. 

Hirugarren luzean eta ziabogan, lan ederra egin zuen Ormazabalen taldeak eta estropada hasieratik buru zen Zarautz BabyAuto aurreratu zuen Errenteriako traineruak. Azken txanpan gainera, bost segundoko tartea ireki zuen.

Igandean, berriz, 700. Errenteriako Udala bandera zegoen jokoan Pasaia Donibanen eta 9. postua eskuratu zuen Hibaika Susperregik. 

Bigarren txandan lehiatu zen eta AN Castro, Mutriku eta Busturialdea izan zituen arerio.  

Lehen paladetatik Castro eta Mutrikuk aurre hartu zuten eta atzetik, segundo batzuetara Errenteriako trainerua joan zen. 

Bigarren luzean tartea ireki zuten aurreko bi traineruek eta atzetik, Busturialdea gerturatzen hasi zen. 

Hirugarren luzean, berriz, Hibaikak ezin izan zion erritmoari eutsi eta Busturialdeak aurre hartu zion, pixkanaka tartea irekiz.

Etenaren ostean, herritarren hitzorduak abuztuaren 8an, Hondarribian eta Getarian eta abuztuaren 9an, Ondarroan eta Getxon izango dira.