Gure planetari, lurrari, usaina aldatu zitzaionekoa

Gorka Lasa 2020ko uzt. 30a, 08:51

'Goizero, goizero, jaiki orduko, lanera noa…' Zioen abestiak. Bada, martxotik ez noa lanera, baina bai dutxara; eta presarik gabe dutxatzeak eragin dit halako plazer berri bat, beheko belardendan erositako labanda-xaboiaren usainak sorrarazten didana; naturarekiko atxikimendu-plazera.

Gosaldu ondoren erosketak egin, eta etxeratzen naizenean ere berdin, sudurretik atzematen dudan  berritasuna: gure etxeko usaina, egun osoan etxean egon ondoren gure gorputzek, mugimenduek, otorduek jariatzen duten usain berezia.

Badoaz orduak aurrera, eta alabarekin marrazkiak egiten hasi naizenean ere, to! Hor usaina berriz: nire haur-eskolako garaietara naramana: ikastolako lorategian hilda aurkitutako txoritxoa lurperatu genuenekoa; orduan erakutsi zigun Igorrek, batzuetan asta-potro samarra zen arren, bihotz hunkibera ere bazuela. Baina orduan ez genuen Txoria txori abestu, ez baitzen oraindik ereserki bilakatu.

Ama alarguna bisitatzera joan naizenean ere, bere balkoiko geranioei inoiz ez bezalako usaina darie; eta amaginarrebaren larrosei zer esanik ez.
Eguna amaitzeko, bat-batean, euria hasi du; ai! Bai gozoa kale bustiaren usaina; eta ondoan dudan parke-eremutik datorren baso-usain hura?

Asmatu duzue, bai: ez nau koronabirus madarikatu honek oraindik harrapatu!