Tourraren lehen pedalkadekin hasiko da Ostadar SKTko txirrindularitza porra

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 31a, 09:00

Ostadat SKTk 2020 urteko txirrindularitza porra antolatu du. Abuztuaren 29an hasiko da eta, aurten berrikuntza modura, txartelak Internet bidez ere egin ahalko dira.

Tourreko lehen jardunaldiarekin batera, abuztuaren 29an emango dio hasiera 2020 urteko Ostadar SKTko txirrindularitza porrak. 

Tourreko txartelak egiteko bi aukera eskaini ditu aurten Ostadar SKTk. Ohikoa den bezala, herriko tabernetan txartelak eskuratu ahalko dira, baina estreinekoz etxetik ere txartela osatzeko aukera izango da.

Abuztuko azken astean Ostadar SKTk bere webgunean esteka bat argitaratuko du eta bertan egin ahalko dute herritarrek euren aukeraketa. 

Bide hori erabiltzen duten herritarrek txartelaren ordainketa Bizum bidez, 623 168 454 telefonora, egin beharko dute. Ordainketa egiterako orduan, kontzeptuan txartelaren izena jarri behar dutela azaldu dute antolatzaileek.

Abuztuaren 29an, larunbatez, 21:00etan, itxiko da epea txartelak bete edo tabernetan egongo diren kutxetan uzteko.

Sariari dagokionez, Frantziako Itzuliko porrako irabazleak 360 euro jasoko ditu; bigarrenak, berriz, 180 euro. Eta puntu gehien lortzen dituen tabernak Txartel Txokon bi pertsonentzako afari bat irabaziko du.

Tourra, Giroa eta Espainiako itzuliko txartel onenak sari nagusia eskuratuko du, 1.500 eurokoa. 

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, COVID-19a dela eta itzuliren bat bertan behera geratuz gero, porra ere eten egingo litzateke. Azken jardunaldiak berdin puntuatuko luke eta azken sailkapenerako, G puntuazio berezia aplikatuko litzateke. Itzuli horretako sariak berdin mantenduko lirateke.

Sari nagusiaren zenbatekoa ere aldatuko litzateke. Hiru itzuliak egiten badira, 1.500 euroko saria izango da; bi jokatzen badira, txartel onenak 1.000 euro jasoko ditu eta itzulietako bakarrean azken helmugara iristen badira, ez da sari nagusirik izango.