Amona, alaba eta biloba. Era batera edo bestera, familia bereko hiru kide horiek dira Merci Maman proiektuaren protagonistak. Amona, egitasmoaren ardatz eta abiapuntua delako; alaba, Asun Moreno, kontakizuna idatzi duelako; eta, biloba, Andrea Van Eyck, hitzei irudiak jarri dizkielako, liburua ilustratuz. Van Eyck Londresen bizi da duela zenbait urtetatik, baina herrikoa da izatez, eta Moreno ere bai. Bera gure herrian bizi da gaur egun ere. Lan eta lan aritu ostean, ondu dute Merci maman, eta gaur argitaratuko dute, uztailak 30, 200 aleko lehen tirada batekin. "Liburu-dendetara irailean iritsiko da, eta hori baino lehen aurre-salmentan eskuratu ahalko dute irakurleek", azaldu du Andrea Van Eyck-ek. 699 475 725 telefonora deitu daiteke, eta baita ere honako Instagram kontuetan sartu: @soymylady eta @andreavaneyck. Lasarte-Oriakoak diren herritarrei eskura emango dizkiete erositako liburuak, erreserbatu eta gero.
Bederatzi emanaldi prestatuta zituzten Merci Maman liburua aurkezteko, baina atzeratu egin behar izan dituzte, COVID-19aren pandemia tarteko. "Egoerak ahalbidetzen duenean" egingo dituzte, Donostian eta Madrilen. "Egitasmoa txikia da oraindik, eta moldaketa ugari egin behar izan ditugu COVID-19agatik, baina asko sinesten dugu hasi berri dugun proiektu honetan".
Amona, idazlearen ama, gaixo jarri zenean ekin zion Asun Morenok bide pertsonal bati, amaren barkamena lortzekoari. Hor jarri zuen Merci Maman idazteko aurreneko hazia. Liburuan hainbat gai jorratzen ditu: ama-alaben arteko harremanak eta osasun mentala (eta horren gabezia), besteak beste.
Andrea Van Eyck.
Asun Moreno.