"OMEk ohartarazi du erretzaileek arrisku handiagoa dutela sintoma larriak garatzeko eta COVID-19aren birusak jota hiltzeko; ebidentzia zientifikoak daude", nabarmendu du Osasun Sailak gutunean. "Batez ere birikei eragiten dien gaixotasun infekzioso bat da".
Baimenduta egon arren, SEPAR Espainiako Neumologia eta Toraxeko Kirurgia Elkarteak gomendatzen du terrazetan eta espazio publikoetan ez erretzea, "koronabirusa transmititzeko arrisku gehigarria" delako, "erretzaileentzat eta inguruan dauden pertsonentzat".
Ondoko arrazoi hauek aipatzen ditu SEPAR elkarteak, aire zabalean dauden espazioetan eta terrazetan ez erretzea gomendatzeko. Lehenik eta behin, zehaztu du zigarreta, lurrungailu eta beste tresna batzuk erabiltzean arnas tanta txikiak uzten dituela keak. "Birus karga izan dezakete eta oso kutsakorrak dira".
Bigarrenik, "ezinbestekoa" da eskua aho, sudur edo aurpegira eramatea erretzerakoan. "Horrek erraztu egiten du birusa arnas-aparatuan sartzea", jakinarazi du SEPARek. Hirugarrenik, aipatu du maskarak ematen duen babesak eraginkortasuna galtzen duela "gehiegizko manipulazioagatik", tabakoa kontsumitzerakoan musukoa behin eta berriro kendu eta jarri egin behar duelako erretzaileak.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, Lasarte-Oriako Udalak gomendatzen du "kerik gabeko espazioak" ere irekita edukitzea. Era berean, jakinarazi du erretzea ez dela debekatuta egongo, baina herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die, bereziki jende ugari biltzen den tokietan: aisialdiaz gozatzeko espazioetan eta ostalaritza-establezimenduetako terrazetan.