Eskudero andoaindarra eta Labaka hernaniarra izan ziren Artetxe-Irazustabarrena bikotearen arerioak finalean eta 5-18 garaitu zituzten ongi jokatutako partidan. Intzako pilotariak adierazi duenez, "oso gustura" jokatu zuen.
Hasierako tantoen ostean, partida gorri izango zela zirudien arren, Artetxek eta Irazustabarrenak 4 eta 1eko markagailuari erabateko itzulia eman zioten hamasei tanto jarraian eginez. "4-1 galtzen ari ginen, baina zuzenean hamazazpiraino joan ginen", adierazi du herritarrak.
Lehen momentuko estutasuna igaro eta Artetxe-Irazustabarrena bikotea eroso egon zen kantxan. "Irazustabarrena atzean nagusi izan zen", adierazi du pilotari lasarteoriatarrak. Aurrean ere arazorik gabe jokatze aukera izan zuela nabarmendu du Artetxek. "Nik aurrean aukera mordo bat izan nuen tantoak bukatzeko, gehiegi arriskatzen ibili beharrik gabe".
Hanka-sartze handirik ere ez zuten egin, "ez genuen pilota bakar bat ere galdu", eta horrek tantoz tanto garaipenaren bidera eraman zituen arerioen atsekaberako.
Gonbidapenen zain
Artetxe pozarren dago Hernaniko txapelketan lortutako garaipenarekin, baina ez daki udan lehiatzen jarraitu ahalko duen.
Intzako pilotariak azaldu digunez, ez ohiko uda honetan antolatzen ari diren txapelketek parte hartze mugatua dute eta gehienetan aukeraketa egiten ari dira.
"Ez zait atera beste partidarik oraingoz. Txapelketaren bat edo beste jokatuko da baina oraingoz gonbidapen bidez ari dira antolatzen, beraz, itxarotea besterik ez dugu", adierazi du.
Hori dela eta, Intzako kideak ez dio entrenatzeari utziko.
Arteagak ere, atsedenik ez
Partidaz partida dabil Axier Arteaga, Arteaga II.a ere. Nahiz eta Masters Caixabank txapelketan oraindik parte hartzerik ez izan, aurretiko partidetan astebururo ari da lehian herritarra.
Uztailaren 26an, igandearekin, Mariezkurrena II.a bikote zuela Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatu zuen partida.
Aurreikuspenen arabera, Peio Etxeberria eta Bikuñaren aurka jokatu behar zuten arren, atzelari urdinak ezin izan zuen hitzorduan parte hartu eta Ladis Galarzak hartu zuen bere lekua.
Partida ez zen erosoa izan bikote gorriarentzat eta amaieran, 9-22 galdu zuen.
Arteagak bihar garaipenaren bidera itzultzeko aukera berria izango du. Urretabizkaia II.a lagun duela, Egiguren V.a eta Erostarberen aurka jokatuko du Itziarren, Zabalsoro pilotalekuan, 18:00etatik aurrera.
Abuztuan ere ez da besoak uztarturik izango herritarra. Egutegiaren arabera, Zestoan, Oiartzunen edo Mallabian izango ditu hitzorduak lehen hamabostaldian.