Nekane Murga Osasun sailburuak iragarri duenez, espero dute agindua astebururako prest egotea. Jaurlaritzak erabaki du neurri murriztaile gehiago hartzea, SarS-CoV-2 birusaren berragertzea geratzen saiatzeko. Tabernek, adibidez, 01:30ean itxi beharko dute EAEko hiru lurraldeetan, eta ezingo dute goizeko seiak baino lehenago ireki.
Gaueko aisialdiari lotutako neurri gehiago: diskoteken edukiera maximoa %60ra murriztuko du Jaurlaritzak eta dantza egiteko eremua ezingo da erabili, ez baldin bada mahaietan eserita daudelako bezeroak. Horrez gain, derrigorrezkoa izango da mahaietan eserita kontsumitzea gauerditik aurrera, barrukoetan zein terrazan. Jatetxeei dagokienez, ehun pertsona baino gehiagorentzako tokia daukatenek ezingo dute bezeroen %80 baino gehiago eduki zerbitzu berean.
Beilatoki eta hiletak egiteko moduan ere aldaketak egongo dira. Beilatokien kasuan ezingo dira 60 pertsona baino gehiago elkartu, edukieraren %60 gainditzen ez bada, eta berdin hiletekin. Kontzertu, erromeria eta antzeko ekitaldien kasuan, ikus-entzuleek aurrez ezarritako eserlekurik ez badute, ezingo dira egin.